Hitzordu garrantzitsua dute igande honetan Telmo Deun Arraun Elkarteko bi ontzi seniorrek, etxean jokatuko baitituzte ETE eta KAE1 ligetako estropadak. Eguerdian izango dira norgehiagokak itsasoan, bi hondartzen arteko itsas eremuan, eta arranplatik uretaratuko dira traineru guztiak.
Emakumezkoek jokatuko dute aurrena, 11:30ean hasita. Zumaiako VI. Ikurrina izango dute jokoan. 12:15ean hasiko da, berriz, gizonezkoen lehia, Zumaiako 38. Ikurrina.
Zumaiarrek etxean, eta zarauztarrek, berriz, etxe ondoan izango dute estropada, horien bi taldeak ere ETE eta KAE1 ligetan ari direlako lehian.
ETE liga dotore hasi dute zumaiarrek: Mundakan bigarrenak izan ziren, eta Pasaian, berriz, bandera lortu zuten. Hala, lider dira une honetan sailkapen nagusian 30 punturekin. Kaiku da bigarren, puntu kopuru berarekin, eta koska atera diete hirugarrenari, Deustori, horrek 23 puntu baititu. Zarauztarrak, berriz, sailkapenaren erdialdean daude kokatuta, laugarren postuan, 17 punturekin. Bosgarrena den Astillerorekin puntuz berdinduta daude, ordea, eta igandean, beraz, adi ibili beharko dute postuari eusteko.
Gizonezkoetan, bosgarren da sailkapenean Telmo Deun une honetan, seigarrenarengandik lau puntura –39 puntu ditu Zumaiak, eta 35, berriz, Camargok–. Laugarren sailkatua urrun dauka, Arkotek 46 puntu dituelako. Sanpedrotarra da lider une honetan, 57 punturekin. Zarauztarrak zumaiarrak baino koska bat beherago daude: zazpigarrenak dira une honetan, 31 punturekin. Hiru puntuko aldea ateratzen diote zortzigarrena den Pedreñari.