Eskualdeko traineru taldeek ez dute egunik onena izan gaur, Mundakan. Zumaiako emakumezkoak izan dira onenak bigarren postua lortu baitute ETE ligako estropadan. Dena den, Kaikurekin partekatzen zuten lidertza galdu dute eta bigarrenak dira orain sailkapenean puntu bakarrera. Estua ari da izaten bi taldeen arteko lehia orain arte eta halakoa izan da gaurko estropadan ere. Bizkaitarrek hasieratik hartu diete aurre Telmo Deuneko arraunlariei eta segundu gutxira izan badituzte ere, amaierara arte eustea lortu dute.
Bestelako estropada egin du ZAE Zarautz Arraun Elkarteak. ETE Ligan orain arte jokatutako hiru estropadetako emaitza eskasena lortu dute azken aurreko postuan amaituta, zazpigarren. Arazo handiak izan dituzte irteeran eta atzerapen handia pilatu dute. Dena den, bigarren luzean Portugalete aurreratzea lortu dute eta bi puntu poltsikoratu. Hala, sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen dute. Ikusi ETE ligako gaurko emaitza guztiak hemen.
KAE1 Ligan ere zazpigarren izan da Zarautz. Emakumezkoek bezalaxe hasieratik pilatu du atzerapena erdiko txandako aurkariekiko eta ezin izan du bakar bat ere aurreratu. Nolanahi ere, ohorezko txandan aritu den Zumaiak baino denbora hobea egin du eta horregatik lortu dute zazpigarren postua.
Zumaiarrak aipatuta, hasiera ona egin dutela esan behar da, baina behera etorri dira bigarren erditik aurrera. Horren erakusle da lehenengo txandako Busturialdeak ere ia aurreratu ditela gaurkoan. Segundu bakarra atera dio zumauak. Gaurko zortzigarren postuarekin, sailkapen nagusiko laugarrena galdu du Telmo deunek eta erdiko txandan aritu beharko du datorren astean. Bosgarrena da orain, gaur bigarrena izan den Arkoterengandik sei puntura. Ikusi KAE1 ligako gaurko emaitza guztiak hemen.
KAE2 Ligan ere bada zer nabarmendua; izan ere, Orio Arraunketa Elkarteak hasiera borobila eman dio. Atzo arratsaldean jokatu zuten lehenengo estropada Mutrikun (Gipuzkoa) eta banderarekin itzuli ziren etxera. Horrekin batera, lehenengo jardunaldia izanik, sailkapeneko lehenengo lidertza eskuratu dute. Angel Maria Larrañagak zuzendutako mutilak nagusitasunez gailendu ziren, gainera. 22 segundoko aldea atera zioten bigarren sailkatu zen Astillerori. Ikusi hemen atzoko estropadaren sailkapena osorik.
&