Telmo Deunek ez dio nahi besteko etekinik atera ohorezko txandari gaurkoan; izan ere, bosgarren postuan amaitu dute Elantxobeko (Bizkaia) estropada. Lehenengo kaletik aritu dira Telmo deuneko arraunlariak eta azken luzean egin die ihes laugarren postuak, San Juanek baino denbora hobeak egin baitituzte hiru ziabogetan.
ZAE Zarautz Arrraun Elkarteak ere hartu du parte gaurko estropadan, laugarren kaletik aritu da eta bere txandako hirugarren denbora onena egin ondoren gaurko zazpigarren ontzi azkarrena izan da. Ikusi hemen KAE1 ligako gaurko emaitzak eta denborak.
Eskualdeko bi ontzien sailkapen nagusiko kokapenari erreparatuta, bestalde, gaur lortutako zortzi puntuekin laugarren postuan jarraitzen du Telmo Deunek gaur hirugarrena izan den Arkoterekin (Plentzia, Bizkaia) puntuetan berdinduta orain. Horri esker, bihar ere ohorezko txandan jardungo dute Zumaiako arraunlariek. ZAE, berriz, zazpigarren sailkatua da eta erdiko txandan ariko da.
Bandera Lapurdik irabazi du gaurkoan eta sailkapeneko bigarren postuan kokatu da liderra den Pasai San Pedrorengandik (Gipuzkoa) puntu bakarrera. Estua ari da izaten aurtengo arraun denboraldi hasiera, eta horren erakusle da orain arte jokatu diren hiru estropadetan hiru irabazle desberdin izan direla.