GUTUNA

Urola Kostaldeko Eskola Publikoaz Harro plataformaren erantzuna 'Iraindu naute' gutunari

Urola Kostaldeko Eskola Publikoaz Harro plataforma 2023ko eka. 24a, 12:00

Urola Kostaldeko Eskola Publikoaz Harro Plataformaren apirilean aurkeztu zuten Salatxo aretoan. (Aiora LarraƱaga)

Urola Kostaldeko Eskola Publikoaz Harro Plataformak Aritz Labianok idatzitako eta Zarauzko Hitzan argitaratutako 'Iraindu naute' gutunari erantzun dio, beste gutun baten bidez. Honako hau da gutuna:

"Iraindu naute"– diozu.

"Ez da izan gure asmoa"–diogu. Eta sentitzen dugu, eta penatzen gaitu, legebiltzarkideen aurrean egin genuen agerraldiak sentimendu hori sortu badu zuregan, edo beste edonorengan. Gustatuko litzaiguke sentimendu hori baretzeko balioko balu jarraian idazten dugun gutunak.  

Ezer baino lehen, eskertu nahi dizugu, Aritz, zure gutunean zubiak eraikitzeko egiten  duzun deia eta, baita, elkartzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago dela azpimarratzea ere. Zentzu honetan, nahiko genuke gure gutun honek ere ekarpen positiboa egitea herritarren eta eskolen arteko bizikidetzari, ezkutatu gabe, ezinbestean, bakoitzak aukera desberdinak babes ditzakeela, zilegitasun osoz, hezkuntza sistema edo ereduari dagokionez. Eta, horregatik, saiatuko gara gutun honen bitartez azaltzen zergatik gure agerraldia ez dagoen inor iraintzeko egina. 

Hasteko, ezinbestekoa da gure agerraldia zein testuingurutan gertatu den argitzea. Hezkuntzaren Lege-proiektu berria EAEko Legebiltzarrean izapidetzen ari dira eta, beraz, une kritikoa da datozen hamarkadetan gure gizartea eraiki eta bere balio eta  ezaugarriak definituko dituen hezkuntza eredua erabakitzeko. Zentzu honetan gure  apustua argia da: sistemaren erdigunean kokatzen den hezkuntza publiko indartsu baten  alde egiten dugu, gutun honetan azaltzea ez dagokigun arrazoi askorengatik. 

Hezkuntzaren Lege-proiektuak itunduen egoera nabarmen hobetzen du eta, ondorioz,  baina ez horregatik bakarrik, eskola publikoarena ahultzen. Itunduak indartzen dituen  lege-proiektu honek, hasieratik, alderdi politikoen babes oso zabala jaso du, eta, ez dizugu  ukatuko, horrek frustrazio handia eragin du eskola publikoan sinesten dugunongan. Are  handiagoa, lege hau babesten duten alderdi berberak direnean esaten digutenak eskola  publikoaren interesen alde jardungo dutela. Aporia irensteko zaila inondik ere. Edo  oximorona, otsoa artzain (erreferentzia lokala erabiliz). Hilabete luzeak pasa ditugu gauza  bat esan eta kontrakoa egiten dutela ikusiz, eskola publikoaren ahotsa alderdi politikoetan  inon ordezkaturik ez dagoela onartzen. Eta aukera eman digutenean gure iritzia azaltzeko,  ba, noski, joan gara Gasteizko Legebiltzarrera eta azaldu dugu. Guri dagokigunez, bertan  zeudenei errespeturik galdu gabe, baina hizkuntzak eskaintzen dizkigun hitz eta erregistro  guztiak baliatuz saiatu gara gure ustez zentzurik ez daukan errealitate baten argazki (edo  karikatura) egiten.  

Aitortzen dizugu zure ondorio nagusiaren zati batekin konforme gaudela: Legebiltzarreko  agerraldian “gure gabezia guztiak azalarazi” genituen. Horretara joan ginen, biluztera,  agerian jartzera lege-proiektuak mantendu nahi duen joko-zelai absurdoan berdintasunez  lehiatzeko, publikoak legearen eta administrazioaren babes handiagoa behar duela. Ezin  daitekeela publikoa ardatz izan ez badira azpiegituretan inbertsio handiak egiten,  zerbitzuak hobetzeko aukerak zabaltzen, eta, batez ere, ez badago administrazio ezberdinetako arduradunen aldetik beren jabetzakoa den eskola bakarraren aldeko apustu  argia egiteko borondaterik. Gure arazoa ez dira Urola Kostaldeko beste ikastetxeak, gure arazoa Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen mahaiaren inguruan eserita zeuden ordezkari politikoak dira. Eta bai, joan ginen esatera, hau guztia horrela izanda ere, eskola publikoaz harro gaudela, zailtasunak zailtasun eta bizikleta herdoilduekin bada ere,  egunero gure ikasgela eta bulegoetan egiten den lanaz oso harro gaudela.

Eta amaitzeko, guk ere proposamen konkretua egin genuen Legebiltzarrean bertan:  zubiak eraikitzekoa. Hain justu, benetan sinesten dugulako elkartzen gaituena gehiago  dela banatzen gaituena baino. Herri mailako hezkuntza mahaia sortzea eta eztabaida  hauek mahai beraren inguruan egiteko deia luzatu genien Udalei. Honez gain,  testuinguru demografiko zail honetan, zein eskolak aurrera egin eta zein bazterrean  geratu, elkarren arteko lehia zentzugabean erabaki beharrean, denek ontzi berean eta  elkarrekin aurrera egiteko proposamena ere egin genuen: eskualdeko eskola itunduen  borondatezko publifikatze-prozesu bat abian jartzea. Eta, legebiltzarkideek egin  zizkiguten iruzkinei emandako erantzunetan, eskatu genien, “eskuzabaltasunez” joka  zezatela eskola itunduekin eta bertako langileekin. Are, hemendik 30 urtera irudikatu  genien alegiazko etorkizunean egungo eskolak aipatu genituen, baina jabetza  publikokoak denak.  

Bien bitartean lege-proiektua, proiektu deino, borrokan jarraituko dugu, hau onartzeko  ardura duten legebiltzarkide eta alderdi politikoek bere edukia irauli dezaten. Ez dugu  etsiko, ez gara isilduko, hezkuntzak duen indar eraldatzailean sinesten dugulako, eta gure  etorkizuneko euskal gizartearentzat beste hezkuntza eredu bat nahi dugulako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide