Eskualdeko traineruak Bizkaian eta Mutrikun arituko dira asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 23a, 16:00

ZAEko gizonezkoen trainerua joan den asteburuko estropadan. (Rafa Elizondo)

KAE1 ligako Zarauzko eta Zumaiako ontziek larunbatean nahiz igandean izango dituzte estropadak eta ETE ligakoek igandean soilik. Bestalde, Orioko gizonezko bigarren taldeak larunbatean izango du estreinako estropada aurtengo KAE2 ligan.

KAE1 eta ETE ligetan diharduten Zarauzko eta Zumaiako traineruek estropadak izango dituzte bigarren asteburuz jarraian. Gizonezkoek larunbat nahiz igande eguerdian izango dituzte hitzorduak Elantxoben (Bizkaia) eta Mundakan (Bizkaia) eta emakumezkoek igandean baino ez. Mundakan izango dute estropada emakumeek ere 11:30ean hasita.

Zumaiarrek bide onetik hasi dute liga eta jarraipena ematen ahaleginduko dira. Gainera, Telmo Deuneko bi ontziek horretarako aukera ona izango dute ohorezko txandan arituko direlako. Horrek esan nahi du aurreko txandetan arituko diren traineruen erreferentziak izango dituztela. Edonola ere, zehaztu behar da gizonezkoen taldeak larunbatean soilik duela bermatuta ohorezko tanda. ZAE Zarauzko Arraun Elkarteko emakumezkoek ere ohorezko txandan egingo dute arraun gizonezkoek ez bezala. Azken hauek erdiko txandan ariko dira larunbatean, behintzat.

Aipaturikoez gain, KAE2 ligako lehenengo jardunaldia ere jokatuko da asteburuan eta bertan arituko da Orioko gizonezkoen bigarren taldea. Mutrikun (Gipuzkoa) izango dute lehenengo hitzordu hori larunbatean 17:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide