Mikel Arregi, Zestoako EH Bildu: "Herritarren babesa jaso dugu, eta babes horri ezin diogu hutsik egin"
"Pozik gaude EH Bilduk emaitza oso onak lortu dituelako Zestoan. Egia esan, ez genuen espero zortzi zinegotzira iristea, zinegotzien banaketa orain arteko sei-bost [EH Bilduk sei, EAJk bost] izango zela uste genuen. Herritarren konfiantza eskertu beharrean gaude, nola ez. Era berean, konfiantza horrek berarekin dakarren erantzukizuna azpimarratu nahi dut. Boto emaileen babesa jaso dugu, eta orain babes horri erantzutea dagokigu. Herritarrei ezin diegu hutsik egin. Eskualdeko abstentzio handienetakoa Zestoan izan da. Hala ere, boto gutxi batzuk galdu arren, ehunekoetan, boto gehiago lortu ditu EH Bilduk".
Ana Azkoitia, Azkoitiko EAJ: "Datorren agintaldia akordioarena izango da"
"Udal hauteskundeetan lortutako emaitzen balorazio positiboa egiten dugu, berriro Azkoitiko herriak gure taldearengan konfiantza agertu du, eta gu izan gara boto gehien eskuratu duen taldea. Beraz, alde horretatik, oso pozik gaude. Indarrak gelditu diren bezala ikusita, datorren agintaldia elkarrizketarena eta akordioarena izango da, eta gu horretarako prest gaude. Gu izan gara boto gehien jaso dituen taldea, baina ikusten da aldaketa datorrela, eta aldaketa horrek erakutsiko digu beste bide bat egiten, elkarrizketarekin eta akordioekin. Beste taldeekin hitz egiteko eta akordioetarako prest gaude".
Anuska Esnal, Orioko EH Bildu: "Herriari dugun onena eskaintzeko lanean jarraituko dugu"
"Hunkituta gaude, herriaren babes handia jaso dugulako udal hauteskundeetan. Beti esaten dut bideak egiten gaituela, eta hori berresten dut. Pozik nengoen egindako bideaz eta urte hauetan guztietan erakutsitako gaitasunaz. Pentsatzen nuen egindako lanak bere saria ekarriko zuela, baina ez genuen espero hamar zinegotzi lortuko genituenik. Umiltasunez ospatu dugu emaitza geure artean, baina hemendik aurrera egingo dugun lanean pentsatzen hasita gaude. Herriak babesa eman digu lanean jarraitzeko, eta hemendik aurrera, horretan saiatuko gara: herriari dugun onena eskaintzen".
Xabier Txurruka, Zarauzko EAJ: "Orain beste alderdiekin harremanetan jartzea dagokigu"
"Egia esan, oso gustura gaude emaitzarekin. Hirugarren agintaldiz hamar zinegotzi izango ditugu, eta agintean egonda, kopuru horri eusteak gustura egoteko arrazoiak ematen dizkigu. Lan asko egin dugu agintaldi honetan hainbat proiektu aurrera ateratzeko, eta beste batzuk abian dira. Orain, gainerako alderdiekin harremanetan jartzea dagokigu, Udal Gobernua osatzeko edo alkatetza lortzeko; oraindik dena airean dago, eta Zarauzko alkatetza alderdi sozialistak erabakiko du. Joera batzuen arabera eman du boza jendeak, baina EAJri irabazteko EH Bilduk ez du nahikoa boto lortu Zarautzen".
Iñaki Ostolaza, Zumaiako EH Bildu: "Konbentzituta gaude bide onean aritu eta ari garela lanean"
"Eskerrak eman nahi dizkiot Zumaiako herriari udal hauteskundeetan emandako babes guztiagatik. Bagenekien azken lau urteetan gauzak ondo egin genituela eta datorren agintaldirako ere talde ona osatuta genuela, nahiz eta kontu horiek zalantzan jarri dituzten beste batzuek. Gu konbentzituta gaude bide onetik ari garela lanean, eta udal bozetako emaitzek hori baieztatu digute. Horregatik guztiagatik, eskerrik eman nahi dizkiet azken lau urteetan EH Bilduren udal taldean aritu direnei, eta esan datozen lau urteetan ere lanean jarraituko dugula Zumaiarako eta zumaiarrentzat".
Nagore Alkorta, Azpeitiko EH Bildu: "Bozetan jasotako babesak lanean jarraitzeko indarra ematen digu"
"Balorazio oso ona egiten dugu bozen emaitzen inguruan. Abstentzioa hamar puntu igo da, eta horrek zer pentsatua eman behar digu talde politiko guztioi. Agintaldi gogorra pasatu ondoren, gustura gaude egindako lanarekin, eta horren erantzuna jaso dugu. Honek guztiak lanean jarraitzeko indarra ematen digu, aurretik erronka handiak ditugu eta".
Gloria Vazquez, Zarauzko PSE-EE: "Argi dagoena da Zarauzko Udalean giltza garela alkatetzarako"
"Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet botoa PSE-EEri eman dieten herritarrei. Hauteskundeetako emaitzen inguruan egiten dugun balorazioa oso ona da; azken finean, abstentzioa oso handia izan da, baina genuen ordezkaritzari eta emaitzari eustea lortu dugu, eta alde horretatik, pozik gaude. Oraindik goiz da esateko, baina orain alderdien artean hitz egiten hasteko momentua da. Dena den, argi dagoena da Zarauzko Udalean giltza garela alkatetza nahi duenari gure babesa emateko, eta hemendik aurrera ikusi egin beharko da zer gertatuko den alde horretatik".
Jose Joakin Etxaniz, Azkoitia Bai: "Udal talde guztiei mahai batean elkartzeko asmoa helarazi diegu"
"Hauteskundeetan lortu ditugun emaitzen balorazio oso ona egiten dugu; orain dela lau urteko bozetan dezente jaitsi ginen, udalean laugarren indarra izateraino. Oraingoan, ordea, zinegotzi bakarra izatetik hiru hautetsi izatera igaro gara. Gurea ez da izan Azkoitian boto gehien jaso dituen taldea, baina zeresana izango dugu udala osatzerakoan. Bestalde, udalean gehiengo osorik ez izatea garrantzitsua da, eta hori herriarentzat positiboa izango da. Guk aurreko ostiralean talde denei helarazi genien denok batera mahai batean biltzeko asmoa genuela, denok herriaren aurrean garbi azaldu eta zer egin erabakitzeko".
Itziar Murua, Zarauzko EH Bildu: "Zinegotzi bat gehiago lortu dugu herritarren alde lan egiteko"
"Orokorrean, EH Bildurentzat zoragarriak izan dira emaitzak, baita Zarautzen ere; gorakada izan dugu, eta ikaragarri murriztu dugu EAJrekin genuen aldea. Zinegotzi bat gehiago lortu dugu herritarren alde lan egiteko. Gogotsu gaude eta lehen baino indar pixka bat gehiagorekin, beste boto bat izango dugulako udalbatzarretan. Udal bozetan izan den abstentzioarekin, lehengo babes berari eutsi diogu, eta emaitza ikaragarria da hori. Gainera, nabarmentzekoa da lortu ditugun botoekin mankomunitateko lehendakaritza ere guk izango dugula, eta hori ere oso garrantzitsua da guretzat".
Mari Karmen Arregi, Aizarnazabalgo EH Bildu: "Oso pozik gaude emaitzekin, eta orain lanean jarraitzea dagokigu"
"Oso pozik nago lortu ditugun emaitzekin, eta eskerrak eman dizkiet gugan konfiantza jarri duten herritar guztiei. Abstentzioak gora egin du Aizarnazabalen ere, baina joera orokortua da, eta espero genuen. Hala ere, lortutakoarekin oso pozik gaude, eta lanerako prest. Orain, herriaren alde lanean jarraitzea dagokigu".