Saretzen

Yalila Mouhoub: "Mundu guztiko migratzaileek egiten duten bezala, bizitza hobe baten bila etorri nintzen"

Aitziber Arzallus 2023ko api. 5a, 08:50

Yalila Mouhoub. (Ihintza Elustondo)

Marokon, kontrol orokorreko arduraduna zen ehungintzako fabrika batean, eta mila langile inguru aritzen ziren bere ardurapean. Azkoitian eta Azpeitian, ordea, bestelako lanak egitea egokitu zaio: jatetxe bateko sukaldean laguntzaile, emakume bat zaintzen, garbiketan... Industrian lan egitea gustatuko litzaioke.

Marokoko ipar ekialdekoa da Yalila Mouhoub, baina 2008az geroztik, Euskal Herrian bizi da. Senarra Azkoitian bizi zen ordurako, eta harengana etorri zen. 35 urte zituen orduan, eta 50 ditu egun. Aurrena Azkoitian egin zituen pare bat urte, eta Azpeitian bizi da geroztik. Mundu guztiko migratzaileek egiten duten bezala, "bizitza hobe baten bila" etorri zela dio. "Marokotik Europara etorrita, denok uste dugu bizitza hobea izango dugula. Espainiatik Alemaniara ere horregatik joaten da jendea".

Aldaketa "sekulakoa" izan zela esan du. "Dena zen diferentea: kultura, hizkuntza, ohiturak…". Baina hemengo bizimodua hasieratik gustatu zitzaion. "Toki eta jende berria ezagutzea beti gustatu izan zait, izaera irekia dut eta arazorik gabe egokitu nintzen hemengo egunerokora. Gainera, oro har, jende ona topatu dut hemen". Marokoarrekin ez ezik, bertakoekin ere harremanak egin dituela dio. "Nire etxeko ateak denentzako zabalik egoten dira, eta ni ere lasai sartzen naiz besteenera. Marokon oso irekiak gara horretan, besteren etxera joateko ohitura handiagoa dago han. Hemen itxiagoak dira horretan, gonbidatuta bakarrik joaten da jendea, baina ni Marokoko erara ibiltzen naiz hemen ere".

Euskal Herrira etorri zenean, bizimodua erabat aldatu zitzaiola aitortu du. "Marokon, lan egiten nuen, baina horretaz aparte, ez neukan inolako ardurarik etxean, gurasoekin bizi bainintzen. Gurasoen etxean ez nuen platera bat ere garbitzen, baina hemen hori eta beste gauza asko egiten ikasi dut. Marokon, etxalde bat dauka aitak, eta asko laguntzen nion han. Sukaldean aritzea, ordea, ez zitzaidan gustatzen, eta ez nekien horretan. Euskal Herrian, ezberdina da egoera; hemen ardura handia dut, eta bizitza nola bizi ikasi dut. Gurasoekin bizi zarenean, haien babesa duzu, baina bakarrik zaudenean, ikasi egiten duzu bizitzako kolpe bakoitzarekin".

Marokon, kontrol orokorreko arduraduna zen ehungintzako fabrika batean, eta mila langile inguru aritzen ziren bere ardurapean. Azkoitian eta Azpeitian, ordea, bestelako lanak egitea egokitu zaio. "Jatetxe bateko sukaldean hasi nintzen, ontziak garbitzen eta bestelako zeregin batzuetan; Azkoitiko zaharren egoitzan boluntario gisa ere ibili nintzen bolada batez; emakume bat zaintzen gauez; garbiketan; eta azken urteotan, jatetxe bateko sukaldean jarduten dut. Orain lan baldintza onak ditut, baina, egia esatera, egokitu zait lan baldintza eskasetan aritzea ere". Zeurea ez den herrialde batean hutsetik hasteak dituen ondorioak direla uste du. "Hona etortzerako ere pentsatzen nuen denetarik egitea tokatuko zitzaidala".

Bizitza bizitzeko gogoz

Gustatu, ordea, industrian aritzea gustatzen zaio, eta iaz ekoizpen mekanikoko laguntzaile ikastaroa egin zuen. "Mekanizatu arloa asko gustatzen zait eta gustura egin nituen ikasketa horiek, eta baita praktikak ere bai, Azkoitiko Sidenorren. Ikasketa horiei lotutako lanen bat aurkitzea gustatuko litzaidake. Sidenorrekoek esan zidaten aukeraren bat izan nezakeela, baina, momentuz, ez didate deitu". Industrian lana topatzeak lan baldintzak hobetzea ekarriko liokeela uste du. "Esan bezala, orain baino baldintza okerragoetan ere jardundakoa naiz, baina denok nahi izaten dugu koska bat gora egitea. Lana egiteari ez diot beldurrik, eta behar denean aritzeko prest nago, baina dena ez da lana, bizitzaz gozatzea ere asko gustatzen zait, eta, horretarako, zenbat eta lan baldintza hobeak izan, orduan eta hobe".

Datuek diotenez, Azkoitian eta Azpeitian bizi diren marokoarren artean, gizonak dira gehiengoa, baina Mouhoubek zalantzan jarri du hori. "Litekeena da garai batean hala izatea, emakumeak gizonen babesean etortzea, baina azken urteotan emakume asko etorri dira bakar-bakarrik, bikoterik gabe, beren bizitza egitera, eta nik uste, hemendik aurrera, geroz eta gehiago izango direla modu horretara datozenak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide