Saretzen

Atzerritar nazionalitatea dutenak, batez bestekotik gora Orion, eta batez bestekotik behera, Aian

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:55

INEk emandako datuen arabera, 2021ean 162 aiarrek zuten atzerriko nazionalitatea, hots, biztanleen % 7,8k. Orion, berriz, %11 ziren, Urola Kosta eskualdeko batez besteko %9,5etik puntu eta erdi gora. Senegalgo, Marokoko eta Nikaraguako komunitateak dira nagusiak Orion.

Urola Kosta eskualdean, batez beste, %9,5 dira atzerriko nazionalitatea dutenak INEk emandako azken datuen arabera; 2021eko datuak dira. Batez besteko horren gainetik hiru herri daude: Azkoitia, Getaria eta Orio. Batez bestekotik behera, Zarautz, Zumaia eta hainbat herri txiki, tartean Aia.

Kontintenteei erreparatuz gero, Amerikakoak dira bai Aian, bai Orion, atzerritar gehienak. Aian 162tik 89 dira, eta Orion, berriz, 666tik 348. Aian 32 ziren Europako nazionalitateren bat zutenak, 26 afrikarrak zituztenak –horietatik 13 marokoarrak eta zortzi senegaldarrak–, eta 15, berriz, asiarrak zituztenak; horietatik 14 pakistandarrak ziren, zehazki esateko.

Orion, amerikarren ondoren afrikarrak ziren nagusi, 160 pertsonarekin –horietatik 64 senegaldarrak eta 63 marokoarrak–, 95 europarrak, eta 62 asiarrak, horietatik 48 pakistandarrak.

 

Eboluzioari dagokionez, azken hogei urteetan hazi egin da atzerriko nazionalitatea duten herritarren kopurua, bai Aian, bai Orion; baina, joera hori, orokorra da eskualdeko herri gehienetan ere, baita eskualdetik kanpo ere.

 

 

Ehuneko eta zenbaki festaren atzean, ordea, komunitate zehatzak daude. Kostako gainerako herrietan bezala –Zarautzen eta Getarian komunitate nagusia haiena da, eta Zumaian hiru komunitate nagusienen artean dago–, Orion ere nikaraguar asko bizi da, eta komunitate jendetsuenetako bat osatzen dute. Ordea, datu zehatzak lortzea ez da erraza, INEk nikaraguarrak Amerikako talde handiago baten barruan dituelako kontatuta. Orioko Udaleko iturriek azaldu dute nikaraguarrak direla herriko komunitate jendetsuenetakoa, baina zenbaki zehatzik eman gabe.

Beste nazionalitate batzuei buruzko datu zehatzak badaude, ordea: nazionalitate senegaldarra duten 64 pertsona zeuden 2021ean Orion, nazionalitate marokoarra zuten 63 pertsona, eta nazionalitate pakistandarra zuten beste 48. Hain zuzen, Nikaraguatik etorritako Carla Riverarekin eta Senegaldik etorritako Gorgui eta Bineta Sarr senar-emazteekin izan da hedabide hau, beren istorioak bertatik bertara ezagutzeko.

Generoari dagokionez, azkenik, Aian eta Orion parekatuta daude gizon eta emakume atzerritarrak. Aian, 162tik 88 dira emakumezkoak, eta 74, berriz, gizonezkoak. Orion, berriz, 666 atzerritarretatik 338 dira emakumezkoak, eta soilik 10 gutxiago gizonezkoak, 328.

Dena den, oreka horiek hautsi egiten dira Orion kontinente eta nazionalitate batzuen kasuan. Afrikarren kasuan, gizonezkoak dira nagusi –104 gizonezko (%65) eta 56 emakumezko (%35)–, baita senegaldarren kasuan ere –52 gizonezko (%81) eta 12 emakumezko (%19)–.

Amerikarrei dagokienez, berriz, alderantzizkoa da joera: 215 emakumezko bizi dira Orion (%62), eta 133 gizonezko (%38).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide