"Bukatu da Inaxioren bidaia; amaren ondora ekarri dugu azkenean"

Gorka Zabaleta Lopetegi 2023ko ots. 25a, 15:35

Inaxio Lopetegiren dozenaka senide bildu dira gaur eguerdian Oikian, duela 85 urte Artxandako gudan hildako gudariari merezitako agurra eta omenaldia eskaintzeko. 

Inaxio Lopetegiren gorpuzkinak Oikiako hilerrian daude jadanik, Iparragirre sendiaren panteoian. 1938an Artxandako gudan hil zutenetik 85 urte behar izan dira Inaxio ahanzturaren zulo beltzetik ateratzeko; hainbat urtez, Begoñako hilerriko hobi komunean ezkutatutako historia argitara ekartzeko. Milaka gazte hil ziren gerra hartan, eta oraindik haietako askoren hezurrek eta oroimenek bahiturik segitzen dute bide bazterren batean, baso ilunen batean edo auskalo non egindako zuloren batean.

Baina Inaxio Lopetegiren senideentzat amaitu dira nekea eta mina. "Zorionez, bukatu da Inaxioren bidaia; amaren ondora ekarri dugu azkenean", esan du Inaxioren iloba Arantxa Ugartek, gorpuzkinak panteoian gordeta ikusi dituenean. Izan ere, hainbat emozio nahastu zaizkie gaur Oikian agurrerako bildu diren senideei: pena, mina eta amorrua, bai; baina baita poza eta bakea ere, gerrako ankerkeriak hainbat urtez ukatutako duintasuna eman ahal izan diotelako, azkenean.

Hileta elizkizuna egin dute lehenik eta, segidan, atarian, omenaldia eskaini diote. Senideen hitz ederrak entzun dira, Inaxio nor izan zen gogora dadin; bertsoak, kantak eta aurreskua eskaini dizkiote, eta udal ordezkarien aitortza ere jaso du alkatearen ahotik. Azkenik, hilerrira abiatu dira senideak, aurrerantzean eta betirako, Inaxiok amaren ondoan har dezan atseden.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide