1937an Artxandako batailan hil zen Ignacio Lopetegi gudari oikiarra zortzi hamarkadaren ondoren ehortziko dute bihar, larunbata, Oikiako hilerrian. Aurretik, omenaldi ekitaldia prestatu du haren sendiak. 12:00etan haren omenezko meza izango da, eta ondoren ekitaldi sorta prestatu dute Lopetegi omentzeko, Oikiako hilerrian lurra eman aurretik.
Ignacio Lopetegi Oliden 85 urtez egon zen desagertuta iazko martxoan haren gorpuzkiak Begoñako hilerrian, Bilbon, aurkitu zituzten arte. Egindako proba genetikoek konfirmatu zuten aurkitutako hezurrak Lopetegirenak zirela, eta orain bi aste bere familiari eman zizkioten, Bilbon, Gogora Institutuaren egoitzan egindako ekitaldi batean.
Familiartekoaren elkarrizketa
Aurkikuntzaren eta haren familiak urte hauetan guztietan bizitakoaren berri eman die Arantza Ugarte Lopetegik, Ignacio Lopetegiren ilobak, UKTko hedabideei emandako elkarrizketa honetan. Elkarrizketa martxoko Baleike aldizkarian argitaratuko da, eta datozen asteotan ikusi eta entzun ahal izango da webgunean zein Erlo telebistan. Elkarrizketaren aurrerapen bat da hau.