Aia
Aian, iaz bezala, herriko plazan elkartu da dozenaka herritar indarkeria matxistaren kontrako protesta egiteko. Beste hainbat herritan bezala, iluntzean egin dute han ere elkarretaratzea, 19:00etan hasita, Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelopean.
Aizarnazabal
Aizarnazabalen, indarkeria matxistaren izeberga osatu dute lehendabizi udaletxe azpian. Lurrean irudikatutako izebergean, aukeratutako hogei hitz banan-banan kokatzen joan dira Bilgune Feministaren deialdira agertu direnak, eta antolatzaileek izebergaren kopiak banatu dituzte gero elkartutakoen artean. Gaurko aldarrikapen jardunaldia borobiltzeko, elkarretaratzea egin dute ondoren udaletxe atarian, Nazkatuta gaude. Autodefentsa feminista! zioen pankartaren atzean.
Getaria
Mariñak Getariako talde feministak antolatuta, dozenaka herritar elkartu dira udaletxearen aurrean, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Emakumeon aurkako indarkeriarik ez lelopean, itxitura moduko bat ere jarri dute Elkanoren estatuaren aurrean, indarkeria matxistaren ondorioz hil diren emakumeak gogoratzeko.
Azpeitia
Azpeitian, Urola Erdiko Itaiak deituta manifestazioa egin dute arratsean. 19:30ean abiatu da mobilizazioa plazatik, eta herriko hainbat kale zeharkatu ondoren, plazara itzuli dira dozenaka parte hartzaileak.
Orio
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna dela eta, Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleek eta irakasleek, Orioko Emakumeon Ahalduntzeko Eskolako kideek, udal ordezkariek eta hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute goizean Orioko Herriko Plazan.
Zarautz
Zarautzen bi elkarretaratze izan dira, bata Itaiak deitua, eta bestea Zarauzko Bilgune Feministak. Lehenengoa 18:00etan hasi da, Lege Zaharren Enparantzan, eta ondoren testu irakurketa eta bertso batzuk ere izan dira. Emakume langileen "antolaketa" defendatu dute indarkeria matxistari aurre egiteko.
18:30ean hasi da Bilgune Feministak antolatutako manifestazioa, Emakumeen* Etxearen aurreatik. Malekoitik eta herriko hainbat kaletatik pasa ondoren, ekitaldi batekin amaitu dute eguna Lege Zaharren Enparantzan. Bertan, Nerea Loiolaren irakurketa, eta Ainhoa Alberdi aktorearen eta Maider Lasa abeslariaren antzerki txiki bat izan dira.
Zestoa
Itaiak deituta, hainbat herritar elkartu dira Zestoan, 19:00etan, udaletxe azpiko arkupeetan. Lehenik, bideo bat proiektatu dute, poesiaz lagunduta, eta ondoren, irakurketa plazaratu du emakume batek. Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki behar dela nabarmendu dute, eta txalo zaparrada artean amaitu dute ekitaldia.
Zumaia
19:00etan hasi da Zumaiako mobilizazioa, Zumaiako Mugimendu Feministak antolatuta. Ehun pertsonatik gora elkartu dira bertan, indarkeria matxista salatzeko. Beheko plazatik abiatuta, Erribera kaletik jarraitu dute manifestazioa, ondoren Ardantzabidera iritsi eta Emakumeon* Etxean amaitzeko. Amaierako irakurketan "autodefentsa feminista" aldarrikatu dute.
Azkoitia
Azkoitian elkarretaratze bana egin dute arratsaldean plazan. Azkoitiko Udalak deitutakoa egin dute aurrena, Azkoitia indarkeria matxistaren aurka zioen pankarta morearen atzean; eta ondoren, Urola Erdiko Itaiak deitutakoa, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki leloarekin.
Errezil
San Martin Herri Eskolako ikasleek eskolan bertan egin dituzten ekintzak izan dira Errezilen Azaroaren 25a gogora ekarri dutenak.