Norbaitek pentsa dezake beti bide zuzenean egin dela gizakiaren garapena, eta gero eta aurrerapen handiagoak lortuz iritsi garela gaurko gailurrera. Esaterako, norbaitek duela milaka urte asmatu zuela hezurrez egindako jostorratza, eta, asmakuntzaz asmakuntza, etenik gabe ailegatu garela gaur egungo likrazko jantzi dotoreetara; edota, beste norbaiti bururatu zitzaiola Mesopotamiako lurretan gurpila sortzea eta ez dugula hobetu besterik egin abiadura handiko trenetara iritsi arte.
Norbaitek pentsa dezake lehen baino askoz erosoago bizi garela, eta ez zaio arrazoirik faltako, baina naturari bizkar emanez bizitzen egoskortu garenez, naturak behin eta berriro mendeku hartu du; eta horretaz jabetzea ezinbestekoa iruditzen zait.
Bidaia luzeak egin eta leku urrunetako jendea elkartzea beti izan da arriskutsua osasunarentzat. Esplorazioen Aroan, Portugaleko eta Espainiako estatuek Amerikako eta Asiako hego-ekialderako bidaietan, esaterako, europarrek han eraman zituzten beren gaixotasunen mikroorganismoak (nafarreria, elgorria, izurri beltza, kukutxeztula…). Europatik eramandako mikrobio haien eraginez, milioika pertsona hil ziren han urrunean.
Alderantziz ere gertatu zen, eta Europan oso ezagunak ez ziren gaitzak etorri zitzaizkigun lurralde kolonizatuetatik. Seguru asko, sifilisa izango da haietatik sonatuena, morbo berezia baitu sexu bidez kutsagarria delako, eta barregarriena, beharbada, Moctezumaren mendekua. Moctezumaren mendekua deitu ohi zaio nonbaitera bidaia bat egin (Mexikora, batik bat) eta bigarren edo hirugarren egunerako beherakoa harrapatu eta tirrina eta kakapirriak non egin asmatu ezinik ibiltzeari. Kontua da, leku guztietan ez direla mikroorganismo berak izaten, eta joan garen herrikoek sumatu ere egiten ez duten mikrobio berak sor dezakeela sabeleko iraultza desatsegina gure barren europarrean.
Baina naturaren mendekua askoz urrunago irits daiteke egun batzuetako kakeriatik at. Naturaren oreka hautsiz gero, beste hainbat pandemia jasan beharrean izango gara; geuk zabalduko ditugu, edota animalia basatietatik gugana pasatuko dira. Animalia horiek ingurune orekatuan bizi zirenean, haien gaixotasunek ez zuten kalte nabarmenik sortzen (handik kanpo), baina basoak suntsitu, meategi eta industriak bultzatu eta zoko guztiak urbanizatuz hango oreka hausten denean, animalia horien gaitzek aldaerak sor ditzakete gune ‘zibilizatu’ berrietan. Espezieen arteko jauzia deitzen zaio aldaketa horri, eta berdin dio ganbelu, hegazti migratzaile edo saguzarra den bitartekari, gizakiarekin harremanetan jarri denean mutatzen bada, hor dugu gaixotasun kaltegarria gure artean.Ez da oraingo kontua. Neolito garaian hasi zen gizakia animaliak bezatzen, eta badirudi behietatik egindako jauzia dela bide sortu zirela elgorria eta tuberkulosia, txerrietatik datorkigula kukutxeztula, ahateek ekarrita gripea… Geroztik ere izan dira gehiago: makakoetatik jauzi egina omen da hies gaixotasuna, nondik egin duten bidea garbi ez badago ere, beldurrez entzunak ditugu ebola, koronabirusa, tximino-baztanga…
Daramagun portaera ez badugu aldatzen, ez dirudi gaitz horiek azkenekoak izango direnik. Duela hilabete pare bat irakurri eta aditu genuen Leonen akainak heldutako pertsona bat ekarri zutela Donostiako kutsatuen gelara sukar hemorragikoa zuelako.
Naturak mendeku har dezake, oreka ekologikoak hausteak ondorio latzak ekar ditzake. Erremedioa ez da, jakina, animalia basatiak akabatzea edo basoetako akainak DDTrekin intoxikatzea. Erremedio bakarra da mundu globalizatu osoan oreka ekologikoari eustea, inguruneak zaintzea, gure gizarte ero garapenzale zoroari draga jarri eta beste era batera bizitzen ikastea. Erremedio hori jartzeko gai izango ote gara?