Presiopean lan egiteaz nazkatuta

Um Blem Ble tabernarien elkartea 2022ko uzt. 19a, 12:49

Azkoitiko Um Blem Ble tabernarien elkarteak honako gutun hau idatzi du, eta azken hilabeteetan udalaren nahiz udaltzaingoaren aldetik jasotzen ari diren "tratua" salatu nahi izan dute haiek. "Une oro gainean" dituztela adierazi dute, eta "enpatia" eskatu dute. Honako gutun hau idatzi dute:

"Azken hilabeteetan Azkoitiko tabernariok Azkoitiko Udalaren eta Udaltzaingoaren partetik jasotzen ari garen tratua salatu nahi dugu idatzi honen bitartez. Tabernariok herritarrak garen heinean, ikusten dugu laguntzeko baino gehiago gu zigortzeko daudela. 

Ahal den moduan igaro ditugu azken bi urteak, eta orain horri buelta emateko ari gara lanean. Jendea tabernetan elkartzen zelako, poliziaren presiopean eta foku azpian egon gara, baina egoera ez da aldatu orduz geroztik; berdin jarraitzen dugu orain ere. Ez dakigu zeinen aginduz ari diren horrela jokatzen gurekin, baina tabernariok gauzak ahalik eta ondoen egin nahian ari garela azpimarratu nahi dugu. Ikusten dugu, ordea, Azkoitiko Udala eta Udaltzaingoa une oro gainean ditugula.

Gauza asko leporatzen dizkigute tabernarioi. Asteburuetan, gauez tabernako atea itxi gabe izatea egotzi digute, langileak terrazatik tabernara edo biltegitik tabernara sartu-irtenean dabiltzanean. Gauza bera gertatzen zaigu tabernaren itxiera orduarekin. Dakizuenez, taberna bakoitzak itxiera ordu desberdina du. Bakoitzak bere ordutegian itxi ondoren, minutu batzuk behar izaten ditugu bezeroak handik ateratzeko, baina hori ere ez digute sarri askotan onartzen. Terrazetako mahaiak eta aulkiak ez jaso izana ere aurpegiratu digute. Hori gutxi ez, eta azkenaldian mugikorrarekin ari dira grabatzen tabernak eta horien inguruko egoerak.

Tabernariok ditugun betebeharren inguruko informazio gehiegi ere ez digute ematen, eta dagokionari horien jakinarazpenak egiteko ere eskatu nahi diogu; esaterako, udako ordutegi aldaketaren informaziorik ez ziguten eman, ezta orain terrazak jasotzeko nahiz ateak ixteko ordua zein den azaldu ere. Bueltan, ordea, isunak ari gara jasotzen. Tabernariok ez dugu udalari isunak ordaintzeko lan egiten, gure bizimoduak aurrera ateratzeko baizik.

Une oro gure gainean daudela salatu nahi dugu, eta gainera, guztia isunekin ordainaraztera behartzen gaituzte. Nahi dugu herritarrek jakitea, azken asteetan Azkoitiko taberna askok 2.000 euro inguru ordaindu ditugula, eta horietako asko azken asteetan jazo direla, aurrez aipatutako xehetasun horiengatik.

Nazkatuta gaude dagoeneko horrela ibili beharraz; presio horren pean ez dago lan egiterik. Azkoitiko Udalari eta Udaltzaingoari tabernariokin enpatia izateko eskatu nahi diegu. Gaizki eginda dagoena zuzenduarazi, lehen begi kolpera isunak jarri beharrean. Tabernariok harmonia batean bizi nahi dugu, uste baitugu elkarren artean hartu-emana izanda, guztia hobeto joango litzakeela. Era berean, aste batzuk barru ospatuko ditugu andremariak Azkoitian, eta festetan tabernok jarraitu eta bete beharreko jarraibideak ezagutzeko, bilera informatibo bat egitea beharrezkoa jotzen dugu, eta hala eskatu nahi diogu udalari".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide