Gasteiz, Lazkao, Hernani, Lesaka eta Deustu. Ez dira gutxi mugimendu sozialistari txosna jartzeko eskubidea ukatu zaien herriak. "Demokraziaren" garai hauetan ere, egunez egun gazte ugarirekin lanean ari diren eragile sozialistei diru iturria ukatu zaie txoko ezberdinetan. Mugimendu sozialistaren sorreratik, ezker abertzaletik jasaten ari garen blokeoaren adibide bat gehiago dugu hau. Milioika euro dituzten alderdien gidaritzapean ukatzen da, gaur egun, eragile sozialisten txosna jartzeko debekua.
Argi hitz egiteko, guzti honen atzean erabaki politiko argi bat dago. Ezker abertzaleak ez du nahi mugimendu sozialistak finantziazio iturririk izan dezan eta, horretarako, dituen bitartekoak erabiliz indartsu dagoen herri eta eskualdeetan beto politikoa ezartzen ari da. Aniztasunaren zaindari bezala definitzen diren hauek dira espazio bat debekatzen ari direnak. Aniztasuna bai, baina komunista ez bazara, ezta? Pluraltasun politikoaren defentsa egiten duten hauek dira mugimendu politiko bat desagerrarazteko ekonomikoki itotzen saiatzen ari direnak. Badirudi aniztasun politikoa, soilik, alderdi parlamentarioekin onartzen dutela. Hortik kanpo gaudenontzat, betikoa: betoak, erasoak eta blokeoa.
Baina, zergatik ez dute herriz herri eta auzoz auzo lanean ari diren eragileek txosna jartzeko eskubiderik? Instituzioetatik inolako diru sarrerarik ez duten eragile hauek ezin dute beraien diru iturri propiorik izan? Galdera horien aurrean hasten dira malabareak egiten: gatazkatsuak omen gara, eta gezurretan omen gabiltza. Funtsean, mugimendu sozialistaren desitxuraketa. Horrela, dikotomia faltsu bat saltzen saiatzen dira: herria vs komunista biolentoak. Herriaren izenean hitz egiten dute, txosna jartzea ukatu zaien gazte horiek guztiek, adibidez, herritar ez balira bezala. Baina inor ez da herriaren bozeramaile, herri horren barruan baitaude oso ikuspegi ezberdinak dituzten eragile nahiz norbanakoak eta, beraz, ezker abertzaleak ezin du aniztasun guzti horren izenean hitz egin.
Gero eta argiago ikusten da ezker abertzalea estatuaren funtzionala den mugimendua dela. Estatua biziberritzen duelako (erreformak onartuz, adibidez) eta mugimendu politiko iraultzaileak blokeatzen dituelako. Argi dago zein izan den ezker abertzalearen jarrera mugimendu sozialista sortu zenetik: horiek politikoki ez onartzea. Orain, ezker abertzalearen aurka ari direla salatzen dute, adibidez, Hernanin. Baina, agian, ahaztu egin zaie beraiek ezarri duten beto politikorik gabe ez litzatekeela inolako iskanbilarik egongo.
Horren aurrean, beto politikoaren aurka egitea eta txosna jartzeko eskubidearen defentsa egitea dagokigu. Dinamikak, mobilizazioak, eraso matxisten salaketak, hitzaldiak, lehengai biltegiak edota aholkularitza juridikoa bezalako ekimenak ezagunak dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Jardun politikoa egiteko, instituzioetatik at antolatzen den eragile ororentzat ezinbesteko dira txosnak bezalako espazioak izatea. Kontuan hartuta, gainera, Gasteizen beto politikoa ezarri dien Etxebizitza sindikatuak, adibidez, 70.000 euroko isunak dituela etxegabetze bat gelditzeagatik.
Gure hautu politikoagatik ukatzen gaituzte ahal duten lekuetan, baina gu gure hautuan berresten gara. Instituzioetatik aparte, antolakuntza politiko sozialista zabaltzen jarraituko dugu eta, bide horretan, ez dugu onartuko gure aurkako debeku eta erasorik.