Iñurritzako biotopoaren zaintza

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2022ko eka. 9a, 09:48

Iñurritzako Biotopoaren sarreran dagoen kartela, margotuta. (Aitziber Sarobe)

Nonok pentsatuko du hori, administrazioaren ardura dela, eta kasu honetan, Biotopo Babestua izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokiola. Hainbatek, seguru, udala seinalatuko du, eraztun berde-urdinaren barruan sartzen den eremua baita. Biotopoko sarreretako batean dagoen kartelean Arkamurka natura elkarteari kargu hartu dionik ere bada, Biotopoa erabat abandonatuta dagoelakoan, bere haserrea kartel osoa marraztuz erakutsi baitu.

Izan ere, ez dira gutxi egunero-egunero eremu horretan begi bistan gertatzen diren arau hausteak. Arkamurka natura elkarteak, berriki, Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari eta Zarauzko Udalari gutun bana bidali die, golfak okupatzen duen eremuan babestutako landarediak bizi duen etengabeko erasoa salatzeko. Golf jokalarien arduragabekeriari, golfeko lorezainen kudeaketa inbasiboa gehitzen badiogu, ez da gehiegikeria bertako landaredia arriskuan dagoela esatea. Kontuan hartzen bada dunak direla Biotopoan mehatxu handiena duten habitatak, atera kontuak.

Golfetik kanpora egoera ez da hobea. Goizero-goizero, eguna argitu orduko, agertzen dira txakurrak golfaren ondoko hondartzan (araztegi aurrekoan). Biotopoko sarreretan dauden karteletan ondo adierazten da eremu hori itxita dagoela eta txakurrak lotuta eraman behar direla. Arkamurka natura elkarteak urteak daramatza eremu horrek hegaztien migraziorako duen garrantzia erakusten. Sasoi honetan, esaterako, barruko hondartza horretan txirritxo txikiak kumatzen ari dira. Esan beharrik ez dago kabi horiek arrisku bizian daudela, jolastera sartzen diren txakur horien eta piloten bila etengabe hurbiltzen diren golf jokalarien ondorioz.

Kale katuena ez da arazo txikiagoa. Inork kontrolatzen ez dituen eta Iñurritzako auzoan jaten ematen zaien katuak etengabe bisitatzen dituzte dunak ez ezik, padura eta ur-gezako putzuak (Talai mendi osoan egingo dituzten pikardiei buruz zer esan!). Azkenaldian eztabaida bizia eragiten ari den kontua da kale katuen kontrola. Zientzialariek frogatu dutenez, kale katuak dira eremu urbanizatuetatik gertu hegazti eta ugaztun txikien etsai handienak. Katu horiek kontrolatzeko programak bideratu dituzte herri askotan, Zarautzen ere bai: jaten emateko lekuak zehaztea eta irentzea da administrazioaren proposamena. Baina programa horien eraginkortasun eza eztabaidaezina da; ugaltzea ez ekiditeaz gain, irenduta ere, katu horiek ehizarako sena ez dutelako galtzen.

Basabizitza ez da bateragarria kale katuen presentziarekin. Natur kontserbazioaren mesedetan adituek hamaika aldiz eskatu bezala, lehentasuna duen eta presazkoa den egitekoa da kale katuak harrapatu eta zainduak izango diren espazio itxietara eramatea. Urtero, milioika dira hiltzen dituzten animaliak.

Orain arte aipatutakoak gizakiak zuzenean eragindako kalteak dira. Eremu natural guztietan bezala, ordea, badira zeharka eragin ditugunak ere: espezie arrotz inbaditzaileak, esaterako. Biotopoko habitat natural guztietan daude bertan berezkoak ez diren espezieak. Horien arrisku maila ezberdina da, bertako basabizitza ordezkatzeko duten ahalmenaren baitan. Arrisku handikoak dira, esaterako, errekan eta putzuan lasai dabiltzan Floridako dortokak (Trachemys scripta), besteak beste, anfibioen arrautzak jaten dituztelako. Landarediari begira ere, aspaldikoa da Baccharis halimiifolia edo kanaberaren (Arundo donax) kontrako borroka.

Espezie arrotz inbaditzaileen jatorria lorezaintzan eta maskota dendetan dago, sarritan; ehizak eta arrantzak ardura handia izanagatik. Argi dago, arazoa konpontzea baino, errazagoa dela arazoari aurrea hartzea; horregatik eskatzen zaigu herritarroi irmoki, maskotak eta jardineratzako landareak eremu naturaletan ez eskatzea.

Beraz, argi geldi bedi herritarron jarrerak bermatuko duela Biotopoko natur ondarearen kontserbazioa, eta horregatik daramatza urteak Arkamurkak herritarrei eremu horretan gordetzen den natur ondarea ezagutarazten.

Baina herritarron ahalegina ez da nahikoa. Administrazioen laguntza behar dugu, batez ere, jokabide txarrak eta arau hausteak saihesteko. Administrazioak dauzka tresnak eta gaitasuna arau/zigor bideetatik jokabide okerrak zuzentzeko eta hori da, oraintxe, Iñurritzako Biotopoan dagoen premiarik handiena.

Bukatzeko, lagunduko luke Biotopoaren sarreran dagoen kartela marraztu duenak bere protesta administrazio(eta)ra bideratzeak, besteak beste, kartelak desagertu direla salatzen denez, desagertu ez direnak irakurtezin bihurtzeak ez dirudielako aterabide egokiena. Ea denon artean Iñurritzako Biotopoa behar den bezala zaintzea eta zainduaraztea lortzen dugun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide