Buruko minak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko mai. 26a, 10:40

Bada gaur-gaurkoz geroz eta gehiago kezkatzen gaituen gairik. Horren barruan kokatu beharko genituzke buruko minak, beldurrak eta ezinak. Geroz eta buruko arazo gehiago, argitara ateratzen ez direnak askotan, eta guztion azalak hozten dizkiguten suizidio kasuak inguruan. Historikoki ekintza "mespretxagarri eta arduragabe" gisa ikusi den hori, gaur egun, ate joka ari zaigu inoiz baino indartsuago. Gainera, COVID-19aren pandemiaren ondorioz ezarri zen alarma egoerak alarma sozial hori ere berpiztu du; batez beste, %250 igo da bere buruaz beste egin duten pertsonen kopurua. Hori ez da, ordea, berehalakoan amaituko: Munduko Osasun Erankundearen arabera, 2030. urterako arazo psikologikoak izango dira ezgaitasunaren arrazoi nagusiak munduan. Erraza ez den arren gaixotasun horren sustraiak arakatzea eta argitzea, nire burutik pasatu diren ideia batzuk aipatu nahiko nituzke.

Izatez, normala da bizitzan gorabeherak pairatzea. Guztiok pasatu ditugu momentu txarrak, arrazoia zein den guztiz seguru egon gabe burua altxa ezinda sentitu izan garen egunak. Ohikoa da handi geratzen zaizkigun egoeren aurrean ihes mekanismoak bilatzea, askotan geure buruari min egitera heldu arte. Ez gara inondik inora izaki perfektuak, eta gainera, bizitzea tokatzen zaigun mundu eskizofreniko honetan, gorabeherak izatea ezin dela saihestu esango nuke. Baina noiz esaten da gaixotasun mental baten aurrean aurkitzen garela? Normalean, norbanakoaren eta ingurukoen eguneroko bizitza kaltetzean, egonezin maila altuak daudenean eta kontrolagaitz bihurtzean esan ohi da gaixotasun baten aurrean aurkitzen garela. Desoreka mentalen %75 18 urte baino gazteagoak diren pertsonetan agertzen direla irakurri nuen, justu pertsonak beren burua aurkitzen eta eraikitzen hasten diren garaian. Hor daude gazteak beren erronkei ezin eutsirik, eta antsietate desorekak, izu eta fobiak, depresioa, loaren nahasmenduak, elikadura nahasmenduak, substantzien menpekotasunak, traumak eta estresa dituzte; eta suizidioak ere gertatzen dira. Baina non dago gaixotasun horren sustraia?

Bada buruko gaixotasunak burmuinaren malformazio eta prozesu kimiko multzo gisa soilik aztertzen eta ulertzen duenik. Beraz, ikuspegi horrekin, gaixotasun horien soluzio gisa medikazio kimikoak ematen dira. Baina nola uler daitezke gaixotasun horiek testuinguru soziala kontuan hartu gabe? Gaur egun, gaixotasunaren ardura pertsonaren gabeziekin eta ezinekin lotzen da. Gaixoak sendatu egin behar du eta ezarritako neurriak onartu behar ditu sendatzeko; soilik bere esku dago aldaketa. Hori da gaur egungo zientzia burgesak bilatzen duena: buruko gaitzen arazoa auzi indibidual gisa sozializatzea eta ez auzi sozial gisa. Hala ere, buruko gaixotasunen goranzko joera ikusita, geroz eta zailagoa egiten da ikuspuntu horri eustea.

Eta zera irakurri nuen: suizidio ekintzarekin bizitza gorpuzten duten bizi baldintzak ukatzen dira, ez bizitza bera. Eta hor dagoela koxka esango nuke. Norbanakoak gaixo daude gizartearen parte direlako, eta beraz, arazoa gizarte biolento honetan kokatu beharko genuke. Hala ere, gaurdanik utzi behar diogu gaitza azaleratzen den heinean soilik tratatzeari gaixotasuntzat, arazo horiek ia kontrolaezin bihurtzean soilik esku hartzeari. Datu guztiek diote arazo psikologikoek goranzko joera ikaragarria izango dutela hemendik aurrera ere. Beraz, auzi garrantzitsua dugu gure aurrean, eta arazo soziala sustraitik moztu ezean, larriagotu egingo dira haren adierazpide ezberdinak. Gizakia soziala da, eta norbanakoa ezin da testuinguru historikotik, sozialetik eta ekonomikotik erauzi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide