Jaxinto Isastiri eta Jesus Aldalurri omenaldia egin genien.
Urteari gainbegiratua botatzen hasita, 2021a erraz ez ahazteko modukoa izan dela argi daukagu. Gainontzeko getariarrentzat bezalaxe, Salbatore Abesbatza osatzen dugun herritarrontzat ere hala izan da. Baina aitortu beharra daukagu: gazitik bezala izan du gozotik gure kasuan. Guztion bizitzetan eragin du, eta nola eragin, koronabirusaren pandemiak. Bakoitzaren arlo pribatuan ekarritakoa alboratuz, eta gure jardunari dagokionez, ez da urte normala izan, ezin izan baitugu kantatu normaltasunez. Eta helburu horixe izaten dugu koruan: gure gustuko kantagintza aurrera eraman, Getariak behar duen ekitaldi eta ospakizunetan gure aletxoa jarriz. Alde horretatik, ez da gozoa izan.
Baina, bestalde, urte berezia izan da oso guretzat: mendeurrena bete, eta ahal izan dugun moduan ospatu dugu. 100 urte, alajaina, bada zerbait. Beste egoera batean, bestelako ospakizun mota bat egiteko aukera izanda, ziurrenik hala egingo genukeen, baina baldintzatuta izan bada ere, egin dugu kasu hauetan garrantzitsuena dena: honaino ekarri gaituen bidea eta bidelagunak oroitu. Abesbatzaren sorrera eta sortzaileak, eta urte hauetan guztietan zehar mendeurrenera iristea posible egin duten guztiak.
Eta hor geratuko da horren lekuko Salbatore Deuna Abesbatza ehun urte. Ahotsen katedrala liburua, Alvaro Bermejok idatzia, etorkizuneko getariarrek nora jo izan dezaten gure historia ezagutzeko. Data borobila baliatuz, kontzertu bereziak eskaini dira Getarian, eta eskertuta gaude erantzunarekin. Eta guretzat berezia izan da oso, orain sei-zazpi urte erretiroa hartu zuen Jaxinto Isasti, urte luzeetako gure zuzendariaren gidaritzapean pare bat pieza eskaini ahal izatea. Merezitako omenaldia eskaini genion Isastiri. Baita azken hilabeteetan gure zuzendari izaten ari den Jesus Aldalurri ere. Horrela osatzen da historia, katebegiz katebegi.
Urte berezi honetan, lagun izan ditugunak publikoki eskertu nahi genituzke: Getariako Udala, Arrantzaleen Kofradia, eta Eliza. Herriko hainbat enpresek lagundu izan digute aurreko urteetan, 2021ean ez da egon horretarako aukerarik, ordea, egoerak baldintzatuta, baina etorkizunean haiek alboan izango ditugula ziur gaude. Herriak bere abesbatza izango duen moduan.
Etorkizunari begira, eta pandemiak pandemia, ilusioa daukagu hastera doan urteari lotuta. Aurrekoa baino hobea izatea opa diegu getariarrei, eta guri dagokigunez, gure jarduna aurrera eraman ahal izatea. Izango dira urteroko ekintzak, eta izango dira bereziagoak: badatorkigu Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena ere.
Eskatzen hasita, Salbatore Abesbatzak urte asko gehiago betetzeko helburuarekin, herritar gazteak gugana hurbiltzea nahi genuke. Kantarien erreleboa nahitaezkoa da abesbatzak aurrera egingo badu, beteranoek jarraituko dugu, baina ahots gazte eta berriak behar ditugu: ateak parez pare zabalik daude getariar guztientzat. Urte Berri On guztioi!