COVID ziurtagiriari ez

Aitor Unanue 2021ko abe. 13a, 10:43

Larunbatean Donostian COVID ziurtagiriaren aurka egingo duten manifestazioa dela eta, honako iritzi artikulu hau idatzi du Aitor Unanuek.

COVID ziurtagiria eskatzeko agintzean, bortizkeriaz eta bazterkeriaz jokatzeko esaten digute. Edonoren txertoaren gaineko hautua agerian uztera behartzen gaituzte, eta zenbaiti gure etxeko, tabernako, jatetxeko, dantzalekuko, ikastolako edo dena delako ateak ixteko esaten, baztertzera gonbidatzen. Guk, ordea, maitasunez erantzun nahi dugu, ez baikara nor legez babestua den informaziorik besteei eskatzeko, are gutxiago informazio hori agerian uzteko. Guk, ateak ez ezik bihotza ere zabaldu nahi diegu, bazterrean utzi nahi diren horiei, txertoaren aurrean egindako hautua egin dutelarik ere. Arrazakeriaz edo homofobiaz baztertua izan den hori bezala, guk anaitasunez, elkartasunez, enpatiaz eta besoak zabal hartzen dugu gure etxean, eta babesten, soilik baztertu nahi izan delako. Anaiak baikara, lagunak, herrikideak, komunitate berekoak, eta sendabidearen gaineko hautua egitea zilegi baita.

Badakit ez dela batzuen gustuko hautua izan, baina euritan aterkirik gabe ibiltzeko hautua egin duena bere buruaz fio da saldu diren aterkiez baino, eta errespetua zor diegu.

Ongi dakigu besteren eskubide bortxaketa onartzean, edo nik gauzatzean, nire eskubideei uko egiten ari naizela, faxismoari bide emanez. Sendabidearen gaineko hautua guztion eskubidea da. Beraz, nik isilik bidaiatzeko aginduari solasean erantzuten diodan gisara, eta arakatzaileak kontaktuen izenak galdetzean isildu, COVID ziurtagiria eskatuz bestea baztertzeko agintzen didatenean, nire bihotza zabaltzen diot, txertoari uko egin dion gizaki horri. Besarkatzen dut, ez baita besarkada baino distantzia ziurragorik.

Nire iritziz, urteko garai ilunenez eta goibelenez baliatu dira, egunik laburrenez eta gaurik luzeenez, ilargirik makur eta txikienaz, gizartean izua, ikara eta beldurra zabaltzeko. Gizartea zatitzeko, debekuz eta murrizketez bazterrak josteko. Baina PCR, antigeno, tasa eta kolore larriz jantzitako teloi beltzaren atzetik badator eguzkia. Gaua argituz doan ilargi berria jaio da, eta hazten ari da, gero eta gorago doa, ilgoran gaude. Atzean geldituko dira egunik laburrenak eta gaurik luzeenak, badatoz Gabonak, jaioko da argi aldi berri bat, gero eta argi gehiago egingo duen eguzkia.

Iluntasunean argi izpiei bide egingo diegu, barnean daramagun argitxoa ateraz, bihotzetik bihotzera entzun, aho estalitik aho bizira pasatu eta belarrigorretik belarriprestera. Elkarrenganako bidea laburtuz; argitxoak bat eginez; maitasunari, anaitasunari, elkartasunari, bakeari eta askatasunari bide emanez.

Gure bihotza sentitu, pentsatu eta ekiteko unea dugu, denok elkarrekin ozen esatekoa: "COVID ziurtagiriari ez !". Arrazakeriari edo homofobiari ez esaten diogun bezala.

Abenduaren 18an, larunbatez, 17:00etan Donostiako Bulebarretik hasita, kaleak maitasunez blai egingo ditugu, ziurtasunez eta bihotzak agerian. Bat egingo dugu txertatuek eta txertatugabeek, beltzak eta zuriek, haurrek eta helduek, ezkertiarrek eta eskuindarrek, hangoek eta hemengoek, gizonezkoek eta emakumezkoek. Dugun izanaren gainetik, bat egiten dugulako eraiki nahi dugun etorkizunean.

COVID ziurtagiriari ez! Pase naziari ez! Diktadura ario honi ez! Lepoan hartu eta segi aurrera!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide