Platera

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2021ko urr. 15a, 11:50

Kontatu berri didaten istorio polit batek dio edadean oso aurrera egindako batek esplikatu nahi zuela zer zen memoria, eta hori adierazteko halako metafora luze edo alegoria labur bat erabili zuela:

–Memoria –zioen zahar horrek– plater bat bezalakoa da. Hasieran hutsa dago, baina umetatik bertatik hasten gara betetzen; bertan jartzen ditugu gure oroitzapenak eta platerean leku hartzen doaz. Halako batean (zenbat eta gehiago bizi orduan eta azkarrago), platera betetze bidean jarriko da: gero eta oroitzapen gehiago, gero eta kezka gehiago, gero eta bizipen gehiago. Pertsona erabat zahartzen denean ere, oroitzapen, gertakizun, kezka eta bizipen berriak han doaz ontzi betearen gainera, baina platerean ez dago lekurik eta behera erortzen dira pirritaka, eta, nahiz bizi berriak izan, berehala ahazten ditugu gertaera horiek. Plateraren hondoan, ordea, han geratzen dira memoriak bizitzaren hasieran pilatu zituen kontu zaharrak eta haiek errepikatuz eta gertatu berriak ahaztuz bizi behar izaten dugu zaharrok.

Kontakizun polita iruditu zait memoriaren funtzionamendua argitzeko, eta zaharrok hainbat gauza ahazturik ere lehengo kontuak zenbat maite ditugun argitzeko.
Horretaraino kontatu didatena, hemendik aurrera alegoria horri helduz luzakin gisa gehitu nahiko nukeena.

Kontua da alegoria horrek memoriaren portaera agertzeko balio duen moduan balioko lukeela gizartearen portaera adierazteko ere.

Pandemia baten bosgarren olatua pasatu berria dugu (izan bedi azkenekoa, eta izan dezagun bakea, amen), eta gizarte gisa, ez dut uste asko ikasi dugunik. Aho txikiarekin esan genuen gizartearen funtzionatzeko era berria behar genuela, bestelako antolaketa bat, eta azkar baino lehen ahaztua dugu esandako dena.

Halaxe iruditzen zait. Horrela, ekoizpena igo dela eta aurrera goazela pentsatzen dugu, kontsumoa igotzen dela eta ikaragarri pozten gara, bankuak eta diruak mugitzen hasi direla eta ekonomia badabilela sentitzen dugu. Noizbait sartuko ote zaigu buruan gure planetaren baliabideak mugatuak direla eta haiek ondo erabiltzeko gure etengabeko sortu beharrak eta kontsumitu beharrak muga bat izan behar dutela, ezin garela gurpil zoro horretan etengabean ibili!

Seguru asko ez, seguru asko ez zaigu sartuko buruan. Aipatuko digute per capita errenta, hazkunde ekonomikoa, barne produktu gordina, ekonomiaren motorra, kontsumoaren onura, geldialdia gainditu beharra… eta lehengora itzuliko gara, pandemiak erakutsi nahi zizkigun kontu guztiak ahaztuta; hor joango dira pirritaka metaforako plateraren tontorretik beheraino. Eta zer geratuko zaigu plateraren hondoan?

Geratuko zaigu, seguru asko, munduaren ikuspegi zaharra, erdi magikoa erdi misteriotsua, arrazoiarekin zerikusirik ez duena; geratuko zaigu, okerrenean, gaitzaren ukazioa, eta, askotan, birusaren izaera guretik kanpo legokeen zerbait dela sinestea. Gure bizitzeko modu axolagabearekin zerikusirik ez duela pentsatuko dugu eta ez gure gizarte ero honen ondorio gisa etorritako gaitza dela. Hori ahaztu egingo dugu.

Beraz, hasierako platerera itzuliz, garaia da hondoko aleek ekartzen dizkiguten ikuspegi zaharrak (denon artean gaindituko eta menderatuko dugu pandemia, itzuliko gara lehengo normaltasunera, hau ez da eten txiki bat baino izan…) bere lekuan uzteko eta ikaskizun berriei kasu egiteko (planeta bakarra dugu, ezinezkoa da amaierarik gabeko hazkunde ekonomiko zoroa, munduko ondasunen eta diruen banaketa justuago bat beharrezkoa da, zoriona ez dago kontsumoan eta hobe dugu geure denboraren jabe egin, gure bizitzeko moduari
berrikuste sakona eman beharrean gaude…). Bestela, kontakizuneko zaharra bezala, lehengo garaietako oroitzapenen menpean bizitzera kondenaturik gaude, umeen mundu magiko ez adimendu batean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide