IRITZIA: Estitxu Elduaien, Azpeitiko Udaleko zinegotzia
Engaia gaitezen
Ordu eta erdi eskas behar dugu Azpeititik Bilbora joaten; ordu eta erdi eskas, Iruñera iristen; ordu eta erdi eskas, Gasteizera heltzen. Eta toki horietara erraz joaten gara, erraz iristen, erraz heltzen. Baina zer diren gauzak: ordu eta erdi eskas behar ditugu Azpeititik Hazparnera iristen ere, eta kostatu egiten zaigu joatea eta heltzea. Bi urte barru, 30 urte beteko dira Hazparne eta Azpeitia senidetu zirenetik. Bi herriek, euskara eta euskal kultura elkartrukatuz, elkar aberasteko konpromisoa hartu zuten, eta ordutik, joan gara batzuk umetan hango familietan eguna pasatzera, eta etorri dira hazpandarrak ere; izan dira kirol eta kultur ekitaldiak han eta hemen, eta ikasi dugu elkarrengandik, eta horretan jarraitzen dugu, ari gara ikasten. Baina azkenaldian ahaztuta gaudelakoan nago. Izan gara asteburuan Hitza Hats jaialdian, bi herrien arteko senidetzea hauspotu nahi duen festan, eta laguntza eske sumatu ditut hazpandarren begiak. Hogeitamarren bat azpeitiar izan gara, baina gehiago behar gaituztela esan digute; «Guretzat oso inportanta baita euskara eta euskal kultura hauspotu eta sustengatzea». Aturritik Ebroraino, euskara da euskaldun egiten gaituena, eta guztiok dugu ur emari hori etenik gabe mantentzeko ardura. Gure betebeharra da. Horregatik, sendotu ditzagun hazpandarrekin harremanak; kultur, kirol, gizarte eta bestelako talde eta eragileek, ikastetxeek, instituzioek, norbanakoek. Indartu ditzagun haiekiko loturak, elkarlanak eta harremanak. Euskaraz hitz egin eta euskal kultura elkarbanatzea, ez baitigute gehiago eskatzen. Eta trukean jasotzeko dugunak ez du preziorik, guk ere asko dugulako ikasteko eta jasotzeko, Aturritik Ebroraino. Gainditu ditzagun mugak; fisikoak eta mentalak. Iritsi gaitezen, heldu gaitezen; engaia gaitezen.