Ez dugu ulertzen

Urola Bizirik natur taldea 2021ko eka. 9a, 09:33

Urola Bizirik natur taldeak honako gutun hau bidali du Urola Kostako Hitzara, kalean zikinkeria gero eta gehiago dagoela salatzeko. Era berean, konponbidea "kontzientziazioan" dagoela uste du natur taldeak.

Igande goiza da eta eguraldi ona aprobetxatuz kalera ateratzen zara ibilaldi bat egiteko asmoz. Baina zure helburua erlaxatzea eta disfrutatzea bazen ere, etxera guztiz desmoralizatua itzultzen zara… gauza asko ezin dituzulako ulertu. 

Zergatik daude hainbeste kontsumo-produktu plastikoan bilduta? 

Zergatik daude produktu horien hainbeste kontsumitzaile edukia amaitu ondoren bildukia zuzenean lurrera botatzen dutenak kaleak, plazak, parkeak, basoak, ibaiak eta itsasoak kutsatuz? 

Zergatik ez dira erretzaileak konturatzen zigarro-puntak hondakin kutsagarriak direla? 

Estamentu publikoek errepide bazterrak landarez "garbitzea" erabakitzen dutenean, zergatik ez dituzte aldi berean biltzen moztutako belarren artean pilatutako paperak, plastikoak eta zaborrak? 

Zergatik elkartzen da aisialdia hainbeste aldiz kutsadurarekin, zikinkeriarekin eta, okerrago oraindik, bandalismoarekin? 

Zergatik bizi dira gure artean "pertsona" batzuk, aisialdiaren izenean eta inpunitate osoz hiri-altzariak, lorategiak, baratzeak, kutxazain automatikoak, edukiontziak, autoak eta abar suntsitzeko eskubidea dutela uste dutenak, beste batzuek horiek utzitako hondakin nazkagarri horiek jaso eta garbitzen saiatu behar diren bitartean? 

Arazoa larria da. Kutsadura eta bandalismoa hazten ari dira. Ezin dugu beste aldera begiratzen jarraitu. Arazoari ekin behar diogu edo hau eskuetatik joango zaigu. Ezin dugu itxaron dagokion poliziak konpondu arte. 

Konponbidea kontzientziazioan datza, eta hori guztion lana da. Hala egiten ez badugu, iritsiko da dena lehertuko den eguna, eta geure buruari galdetuko diogu: ekidin ote zitekeen hondamendi hori? Bai, baina berandu da. Une horretan, beti bezala, errudunak bilatzen hasiko gara. Ez dezagun gehiegi bilatu, "erruduna", egitez edo ez-egitez, gu gara, gizakiok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide