Duela urtebete hasitako borroka berarekin jarraituko dugu

Azkarate Garbi auzotarrak 2021ko api. 28a, 15:38

Azkarate Garbi auzotarren taldeak gutuna bidali du Urola Kostako Hitzara, duela urtebete hasi zuten "borrokarekin" jarraituko dutela adierazteko. Era berean, Larke 360 enpresari "herriaren nahia" errespetatzeko eskatu dio, eta udalari "hartutako konpromisoak" errespetatzeko eta betetzeko. "Ingurunea eta bizi kalitatea defendatzeko" deia egin die herritarrei taldeak.

Hondakin gunea eraikitzeko Azkaraten egiten ari diren lanak

Aste honetan jakin dugu Lurralde Antolamendurako Batzordeak Azkarateko lur eremuko hirigintza arauen aldaketak atzera bota dituela. Hori dela eta, adierazi nahi dugu auzotarrok duela urtebete pasatxo hasitako borroka berarekin jarraituko dugula.

Prozesu honetan guztian argi geratu da herriaren nahia, baita horren aurrean parte hartzaileek hartu duten jarrera ere.

Larke 360 enpresak, esaterako, herriaren nahia errespetatuko zuela esan bazuen ere, ez zuen denborarik galdu udalak Hirigintza Arauetan egindako aldaketen kontrako alegazioa aurkezteko. Horrek, beste behin, argi erakusten du enpresa horren interesak ekonomikoak direla, egindako eztabaida saioan garbi geratu baitzen gaur egun ez dagoela horrelako instalazio baten beharrik, eta are gutxiago planteatutako dimentsio horiekin. Are larriago da, ordea, herritarren iritziak bost axola zaizkiela eta gezurra esateko prest daudela; esan zuten bezala, herriaren nahiak kontutan hartu izan balituzte, ez baitzuten alegaziorik aurkeztuko.

Bestetik, herritarren aurrean hartutako konpromisoa errespetatzeko eta betetzeko eskatzen diogu udalari. Horrela ezean, herriaren interesen ordezkari izatetik, interes ekonomiko pribatuen ordezkari eta horrek eragingo lituzkeen kalteen konplize bilakatuko bailirateke. Beraien esku dago Azkarateko hondakinen gune horren etorkizuna. Bete dezatela herritarrei emandako hitza eta gera dezatela natura nahiz bertako biztanleen bizi kalitatearen aurkako zentzugabeko proiektu hau. Era horretako instalazio batek ekarriko lituzkeen kalteak guztiontzat dira, eta onurak, irabazi ekonomikoak alegia, gutxi batzuentzat.

Bukatzeko, gure ingurunea eta bizi kalitatea defendatzeko dei egin nahi diegu berriro ere herritar guztiei. Behin baino gehiagotan esan genuen bezala, horrek ez baitu preziorik. Azkarate garbi nahi dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide