Pasaiako sarraskiaren urteurrena datorrela eta, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatu dituen ekimenak direla-eta honakoa adierazi nahi dugu:
Ez dugu ulertzen Pasaiako sarraskia dela-eta aurten antolatu ditugun ekimenen aurrean beste ekimen paralelo batzuk antolatzea. Guk erakusketa antolatu dugu, beraiek bestea; guk ekitaldia antolatu dugu, beraiek bestea. Aurten ekimenen berri atera dugun karteleko diseinuan, 1984 zenbakiak dira euskarri nagusiak; beraienean ere bai. Honek guztiak herritarrengan nahasmena sortzea bakarrik ekarri du. Hamaika herritar dira gurekin harremanetan jarri eta forma bereko ekimen bikoitzak zergatik antolatu ditugun esan digutenak. Ekitaldiaren dataz eta lekuaz ere okertu garela esan digutenak badira, kartel batean data eta leku bat jartzen duelako, eta beste batean beste bat. Ez dugu ulertzen. Oraindik eta gehiago, antolatu dituzten ekimenak gurekin harremanetan jarri gabe antolatu dituztenean. Ez digute ezer aipatu. Minduta gaude. Gauzak ez dira horrela egiten. Ekimen hauen berri kalean kartelak ikusi ondoren izan dugu. Senideok ez al dugu errespetu gehiago merezi?
Azken urte luzeetan Azpeitian ikusmolde ideologiko desberdinak egonagatik ere ( bereziki ezker munduan), Pasaiako gertaeren harira kontsentsu zabal bat lortu dugu, honako oinarri hauen inguruan: gu senideok babestu eta eraildakoak oroitu, Pasaiako gertaerak itzaletik argira atera eta estatu terrorismoa mahai gainean jarri. Oinarri hauen inguruan sektore desberdinak batera egin dugu lan. Elkarlanean. Eta hori izan da azken urteetan Pasaiako sarraskiaren inguruko ekimenak izan duten arrakastaren giltza. Bihoakie hemendik, mugimentu libertarioan, ezker abertzalean, eta bestelako pentsaera duten hainbat gizon eta emakumeri, anonimotasunean, inolako errentagarritasun alderdikoiren gainetik, urte luzeetan lanean ibili diren guztiei. Biba zuek!
Lerratze ideologiko zehatzetatik urrundu eta oinarri horietan sakontzea izan da arrakastaren giltza. Gure ekitaldietara etorri izan balira azken urteetan, argi ikusiko zuten. Ekimenak bikoizteak, nahasmena eta indarrak sakabanatzea besterik ez du ekarri. Beti horrela izan da, oraindik eta gehiago herri txikietan. Eta lehen esan dugun bezala, gurekin inolako harremanik eduki gabe. Benetan uste dute ekimenak bikoizteak Pasaiako sarraskiaren inguruko dinamika indartzea dakarrela?Badakite ezetz. Beraiek herrian garatu den dinamika baztertu eta beren bide paralelo bat montatzeko akaso beste interes batzuk eduki ditzakete (ezkerrean dagoen ika-mika eta lehia politikoa, eta abar). Horren aurrean, zilegia da beraiek hor beren estrategia propioa edukitzea. Nor gara gu ba hor zer egin behar duten esateko? Baina mesedez, joko horretarako ez erabili gure senideak. Lehen esan dugun bezala, edonolako lerratze ideologikotik aldendu den mugimendua izan da gurea. Mugimendu herritarra. Azken urteetako ekintzekin konprobatu dezake edonork.
Bukatzeko, aurtengoak horrela joan beharko du, baina datozen urteetarako, herriko beste mugimendu politiko guztiekin egin dugun bezala, elkarlanerako deia luzatzen diegu, protagonismotik urrunduz, gauzak aurpegira esanez eta gure senideei gertatutakoa eta eraildakoen oroitzapena lehen lerroan jarriz.
Lehen ere bestelako oztopoak eta zailtasunak eduki ditugu. Garbi dugu hemendik ere aterako garela. Hori bai, horretarako herriaren babesa behar dugu. Horrela, herriari deia luzatzen diogu Betharram aretoan antolatu dugun erakusketa berrira hurbiltzeko eta martxoaren 22an, urteurreneko lore eskaintzan, zein martxoaren 27an Azoka Plazan egingo dugun ekitaldi nagusian parte hartzeko.