Instalazioen lekualdaketari ekitea ezinezkoa dela jakinik, EAJren udal taldeak asteak daramatza jardueraren hirigintza eta ingurumen egokitzapenerako irtenbideak lantzen, jarduerari egungo kokapenean berriro ekin dakioke eta. Duela zortzi urte galdutzat eman genuen industria jarduerari berriro ekiteko, Ricardo Leal enpresariak ematen digun aukera bultzatu behar dugu.
Jakin badakigu orain dela urte batzuk lan ikaragarria egin zela enpresaren kokapena herritik Trukutxo inguruko eremura mugitzeko, baina hainbat arrazoigatik, lekualdaketa hori ez zen gauzatu. Eta berri honetako zero minututik dakigun bezala, jarduera hori herritik kanpora eramatea ez da bideragarria, eta enpresaburuek argi utzi dute hori aktiboki eta pasiboki.
Eusko Jaurlaritzak –berak du ingurumen baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ardura– eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aldeko erantzuna eman diote enpresaburuak Europak ingurumen arloan ezarritako arau guztiak betetzeko behar den inbertsioa egiteko erakutsi duen konpromisoari. Hirigintzako eskakizunak betetzea udalaren erantzukizuna da, eta gure ustez ez du inolako oztoporik egon behar, indarrean dagoen plangintzak ezin hobeto erantzuten baitio aurkezten den egoera horri –horretarako, aste honetan horri buruzko txosten bat aurkeztuko dugu–. Ahaztu gabe, kasu honetan aplikatzekoak diren hirigintza arauak udalaren mende baino ez dauden zehaztapenak direla, eta horiek aldatu edo unean uneko helburuetara egokitu daitezkeela. Epeen kontua da.
Azpeitiak ezin dio uko egin azken aldian eskualdean nahiko korapilatua dagoen industria ekonomia suspertzeko helburuari. Ezin diogu uko egin hainbeste lanpostu, zuzenekoak eta zeharkakoak, izateko benetako aukerari. Baina, horretarako, jarduera hori ireki egin behar da, hemen eta orain, eta horrek udala osatzen dugun guztion aldetik jarrera tinkoa eskatzen du.
Konponbideak bilatzeko bidean eragile proaktiboak izateko konpromisoa berresten dugu, gure lankidetza guztia eta erabakiak hartzerakoan erantzunkide izateko borondate osoa eskainiz.