Azpeitiko EAJren udal taldeak jakin badaki Corrugados enpresaren jarduerari berriro ekiteko aukeraren inguruan udalerrian sortu den aukera. Enpresa hori geldiarazita dago 2013tik.
Herrian bolo-bolo dabilen kontua da, eta, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa duen sustatzaile talde baten asmoen berri izan eta gero, udalak kemenez jokatu behar du. Krisi larrian murgildurik eta enpresa zailtasunak pandemiak erruz areagotuta, Azpeitiak ezin du horrelako aukera bat pasatzen utzi.
Familia askori eragin zien jarduera berreskuratzea ekarriko luke, eta erakunde eremu guztietatik defendatu behar da, aukera horrek aurrera egin dezan. Azpeitirako lantegi aktibo bat gehiago, inpaktu ekonomikoa ekarriko lukeena eta hainbat azpeitiarrentzat enplegua sortuko lukeena.
EAJren udal taldeari dagokionez, jakin badakigu lantzen ari den proiektua gauzatuko dela, baldin eta inplikatutako erakundeek aldeko erantzuna ematen badute bakoitzari dagozkion eskumenetatik. Bistan da honelako proiektuak komplexuak direla, bainan ideiak garbi izatea eta kemena ezinbestekoak dira erronka horiei behar bezala erantzuteko, eta ataka onera iristeko. Badakigu ere, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektua antolatzeko beharrezko konpromisoa eta laguntza azaldu dutela.
Azpeitiko EAJren udal taldeak espero du udalak eragile proaktibo gisa jardutea ekonomia eta enplegua suspertzeko apustuan. Ahalik eta inplikazio eta gardentasun handiena eskatzen diogu alkateari, eta egoeraren garrantziaz jabetuta, publikoki adierazten dugu erantzunkide izateko konpromisoa dugula kudeaketan eta beharrezkoak diren erabakietan; horregatik, gure lankidetza eta eskua luzatzen diogu Udalari.
Erakundeen arteko lankidetzarik handiena eskatzen du, guztion artean Azpeitirako ilusioz betetako eta etorkizuneko proiektu bat gure herrira atxikitzea lor dezagun.