Udal langileen egoera prekarioa

Azpeitiko EAJ 2021ko ots. 28a, 12:23

Bere langileei merezi dituzten lan baldintzak ematea eskatzen diogu udalari.

Bada hilabete Azpeitiko Udalak administrarien lan poltsa osatzeko deialdia publiko egin zuela; oposizio lehiaketa bidez bi lan poltsa osatzeko, alegia: bata administrari orokorrerako eta bestea zenbakietan espezializatuentzako. Hau da, gaixoaldiak, oporrak edo aldi baterako beharrak betetzeko lan poltsa bat osatzea da asmoa.

Poz hartuko genuke gaur egungo egoera ezagutuko ez bagenu, baina errealitatea da gaur egun lanpostu horiek hutsik daudela edo bitarteko funtzionario batek betetzen dituela. Ez al da deigarria, Azpeitian gobernatzen duen alderdiak Gipuzkoako Foru Aldundian %40ko interinitatea salatzen duen bitartean, gure udalean %55ekoa onartzea? Zer dago horren guztiaren atzean, bere inguruko jendea libreki okupatzeko asmoa akaso?

Urteak dira herrian ez dela lan eskaintza publiko garrantzitsurik egin, eta uste dugu badela garaia interinoen lan baldintzak normalizatzeko eta hutsik dauden lanpostuak oposizio baten bitartez betetzeko. Badakigu Jaurlaritzak legedia aldatzeko prozesua martxan duela, baina plangintza bat exijitzen dugu. Plangintza horretan, honako hauek garbi izan behar direla uste dugu: hutsik dauden zein lanpostu bete behar diren, jubilazioengatik hutsik geldituko diren lanpostuekin eta interino bezala urteetan dauden langileekin zer egin behar den –meritua, gaitasuna, berdintasuna eta publikotasuna bezelako printzipioak ahaztu gabe–. Herrian gazte asko daude oso ondo prestatuta udalaren mugimenduren baten zain.

Aparteko aipamena merezi du Azpeitiko Udaltzaingoak, 21 lanpostuetatik hemezazpi baitaude beteta gaur egun, eta horietatik hamahiru bakarrik dira finkoak. Beste zortzi udaltzain lanpostu betetzeko, gure herriak bere lan poltsa propioa du, oraindik ez dakigu garbi zer asmorekin. Euskal Herri guztiak Arkauteko akademiatik kudeatzen den lan poltsarekin lana egiten du, eta gure herriko kudeaketak antolakuntza arazoak dakartza.

Azken urtean, askotan zera entzun dugu: "Non dago Udaltzaingoa hau kontrolatzeko?". Norbait COVID-19ari aurre egiteko arauren bat hausten ikusi dugunean entzun izan dugu hori, baina kontuan izan behar da pandemia baino lehenago ere ez zitzaiola lanik falta Udaltzaingoari. Denok ezagutzen ditugu haren eginkizunak, herri baten oinarrizko funtzionamendurako oso beharrezkoak direnak. Beraz, nola ulertzen da gaur egun sortu zaizkien ardura berriei aurre egiteko udalak inoiz baino giza baliabide gutxiago izatea?

Herritarrak kontzientzia daitezen, egoera honi irtenbiderik ematen ez bazaio, laster gara Azkotiko ertzain etxerik gabe eta Azpeitian udaltzainik gabe; horrek ekar dezake edozein salaketa jartzeko Zarautzeraino joan behar izatea.

Egoera larria da, eta, beraz, udalari eskatzen diogu bere langileei merezi dituzten lan baldintzak ematea berandu baino lehen. 

Hau dana zuzentzeko garaia da, ez dago denbora geihago galtzerik; izan ere, beste batzuen lan baldintza prekarioak salatzeko, aurrena etxeko lanak egin behar dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide