Kudeaketaren kontrola, kontrolaren kudeaketa

Oier Salegi (Azpeitiko GKS eta Azpeitiko Gaztetxearen izenean) 2021ko ots. 11a, 10:23

Urtebete baino gehiago igaro da jada Txinan COVID-19 izeneko gaixotasun bat medio herritarrak konfinatzen hasi zirenetik. Hasiera hartan hala uste ez bagenuen ere, gaixotasun hark gure bizitzak hankaz gora jarriko zituen denbora gutxiren buruan. Lantegiak itxi, jendea etxean sartu eta abiadura harrigarrian ospitaleak eraikitzen hasi ziren Ekialde Urruneko bizilagunak, eta guk erotzat jo genituen orduan. Egun, gure oso bestelako egoera bizi dute, gu ez bezala normaltasunera itzuli dira, "normaltasun zaharrera".

Urruneko paraje haietako hasiera hura erokeria iruditu bazitzaigun, geure lurraldekoak are antza handiagoa zuen kaosarena. Egun gutxiko kontua izan zen koronobirusa txistetarako gai izatetik guztiok etxean espetxeratzera igaro zena. "Deseskalatze" famatua ere ez zen zentzugabekeriatik libre, esaterako, auskalozenbatgarren fasean kalean ez zintezkeen egon baina tabernan bai (!). Eta geroztik hemen bizi gara, pandemiaren olatuekin umetan itsasokoekin bezala jolasean: datorrenean estutu eta atzera, doanean lasaitu eta aurrera; agintean daudenek, gaixotasunak sortutako shocka baliatuz, mundualdi berrirako prestatzen gaituzten bitartean.

Izan ere, nork sinesten du gaur egun hartzen dituzten neurriek pandemiarekin amaitzeko intentzioa dutela? Nola ulertu, beste hainbat herrialdetan funtzionatu duela ikusita, hemen ez ixtea lantegiak eta eskolak behar beste denbora behingoz egoera honekin amaitzeko? Bankari eta enpresari handien menpeko diren Mendebaldeko politikariek herritarron aisialdian egin dizkigute murrizketak, ohiko betebeharrak zintzo betetzera behartzen gaituzten bitartean; agerian utziz, beste behin ere, ekoizpenaren katea ez haustea dela ezinbestekoa, osasun hondamendi honek sor ditzakeen kalteen gainetik.

Pandemiak utziko duen atarialdea ez da aurretik aurreikus zitekeenarekiko oso desberdina, baina bizkortu egin du erortzea. Langile kaleratze masiboak, negozio txikien itxierak, oinarrizko produktuen bankuak jendearen beharren erdiak ere ase ezinda (geure herrian, esaterako)... bizitzeko behar oinarrizkoenak lortzeko arazoak dituzten kapak haziz doaz, eta hala jarraituko dute. 2008ko krisiaren aurreko urteetan genituen soberakinek lanak izango dituzte datozen urteetan izango ditugun faltak berdintzen.

Hain zuzen ere, gizarte eredu berri hori izango da botere ekonomiko eta politikoak (hau da, burgesiak) kudeatu beharko duena bere posizioari eutsi nahi badio. Eta, hain zuzen ere, zentzu hori du pandemia aitzakia hartuta egiten ari diren kudeaketak. Boterearen logika ez da batere korapilatsua: zenbat eta jende gehiago ezinari eta beharrari lotuta, orduan eta egonezin sozial zein politiko handiagoa; beraz, orduan eta gizartearen gaineko kontrola zorrozteko behar handiagoa.

Estrategia hori gauzatze bidean, besteak beste, gazteok erabili gaituzte amutzat. Telebista, irrati eta egunkarietako iritzi emaile profesionalak gutaz hizketan jarri dira, gaixotasunaren aurrerapena kaleko jende, batez ere gazte, arduragabeen bizkar botaz. Hedabideen bidez gazteen inguruan sortu nahi den ikuspegia, eta oro har gizartean sortu nahi den testuingurua, gero hartzen dituzten oinarrizko askatasunen aurkako neurri autoritarioen (etxeratze aginduak, mugitzeko debekuak, elkartzeko debekuak…) zein indar errepresiboen jokaeren (Donostiako Alde Zaharreko zein beste herri askotako liskarretako portaerak, identifikazio kopuru masiboak, gure herrietan poliziaren presentziaren gorakada…) aurretiazko justifikazioa baino ez da. Osasun salbuespen egoera baliatuta, gerra salbuespen egoera ezarri digute, finean. Hainbeste hildako eragiten ari den pandemia baten erdian nekez ulertzen da, bestela, lau milioi euro Ertzaintzaren furgoneta blindatuetan gastatzea eta 700 ertzain berrirentzako plazak ateratzea, diru hori ZIUetako gela gehiagoren eraikuntzan edo arnasgailuetan gastatu eta 700 osasun profesional gehiago kontratatu beharrean.

Pandemiari ematen ari zaion erabilera eta aterabide hori salatzeko abiatu dugu Azpeitiko GKSko eta Gaztetxeko kideok Haien kontrola gure pobrezia kanpaina, kontrol sozialean oinarritutako gizartearen kudeaketa horri lupa jarri eta hori salatzeko. Eta GKS eskualdez eskualde egiten ari den moduan, "osasun hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu" aldarrikatzeko aterako gara larunbat honetan kalera; biharko gizarte eredua, aurrekoak bezala, burgesiaren erasoen eta langileon erresistentziaren arteko sokatirak hezurmamituko baitu, erasoen eta erresistentzien noranzkoa aldatu artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide