Mila esker, bihotz-bihotzez

Child Bright fundazioko Azpeitiko kideak 2021ko urt. 25a, 12:25

Child Bright fundazioko Azpeitiko kideek honako gutun hau bidali dute, fundazioak ibilbideari amaiera ematea erabaki duelako. Eskerrak eman dizkiete herritarrei, urteotan jaso duten laguntza dela eta.

Mezu honen bidez, herritarroi gure esker ona adierazi nahi dizuegu. Child Bright fundazioaren bitartez bideratu dugu urtez urte lortutakoa, baina egungo egoera dela eta, eta lehenago pasatutako krisi ekonomikoa kontuan hartuta, fundazioak ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Fundazioaren eskutik egin dugun ibilbidea oso polita eta aberasgarria izan da guretzat. Hamar urtez hainbat ekintza egin ditugu, eta herritar ugari izan ditugu bidelagun.

Hasiera batean, futbito txapelketekin hasi ginen, eta ondoren, Sanjuandeiko festetako tonbola solidarioarekin jarraitu dugu. Tonbola hori egiteko herriko merkatariek, ostalariek eta zerbitzu desberdinek urtero emandako laguntza ikaragarria izan da, eta hainbat izan zarete ondoan eta isilpean laguntza eskaini diguzuenak.

Horiez gain, herrian eta herritarrek antolatutako hainbat ekintzaren bidez ere jaso dugu laguntza; besteak beste, Zezen Beltzek antolatutako Gran prix-ari, santioetako sagardo dastaketari, Ekaintxouren eta lagunen emanaldiari eta kooperazio taldeek antolatutako Sanjuandegiko krosari esker. Azken horretan, Gurukul proiektuko Kabir eta samanen abenturak ipuina ezagutzeko aukera izan genuen.

Ekintza guzti horietan lortutako diruarekin, Bharosa Nepal eta Child Bright umezurtegiko haurrei ikasketa arloko, osasun arloko eta oinarrizko beharrak asetzeko laguntza eman diegu, eta horrez gain, Nepalgo lurrikararen ondoren, laguntza psikologiko proiektuetan kolaboratzeko aukera ere izan dugu. Urte hauetan ohartu gara Azpeitian solidaritate handia dagoela, eta laguntza behar izan dugunean jende ugari gerturatu zaigu laguntzera.

Pena handiz, baina egoerak behartuta, orain eten bat egitea tokatzen zaigu, eta denei eskerrak ematea nahi dugu. Egoerak onera egin eta indarberritzen garenean, ziur gaude elkarte ezberdinen eskutik laguntza eskaintzeko beste aukera batzuk izango ditugula.

Era berean, pandemiagatik, badakigu azken momentura arte lagundu diguten hainbat herritar egoera latza pairatzen ari direla. Hori dela eta, beraiekin bat egin nahi dugu egoera larri honetan, gure elkartasuna eta babesa eskainiz.

Zuen laguntzerik gabe, ez zen posible izango gure ibilbidea.

Mila esker, bihotz-bihotzez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide