"Herri osoa jakinaren gainean jarri nahi dugu, Azkoitiko Gure Esku elkartea udalari 2.000 euro itzultzera zigortua izan dela.
Izan ere, Azkoitiko Gure Esku elkarteak Azkoitiko Udalari diru laguntza eskatu zion 2017. urtean egin zen herri galdeketaren harira antolatu ziren kultur ekitaldietarako, eta udalak 2.000 euroko laguntza eman zigun. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak diru laguntza horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, ez zegoela legez emanda argudiatuz, eta orain, hiru urte pasatu ondoren, pandemia bete-betean denean eta horrek dakartzan zailtasunekin, diru horren itzulketa eskatzen digu udalak. Diru laguntza eskaera prozeduran zehatz-mehatz azaldu genuen aldez aurretik dirua zertan erabiltzeko zen, eta udalaren oniritzia jaso ere bai; beraz, diru hori esanda bezala gastatuta dago.
Gure Esku elkarteak herri galdeketaren bueltan diru hori eta askoz gehiaho gastatu zuenez, orain, zigor horri aurre egin ahal izateko, herritarren artean diru bilketa kanpaina bat abiarazi beharrean aurkitu da, elkartea zorpetuta gera ez dadin. Izan ere, bizi garen garai hauetan Gure Esku bezalako herri ekimenak gero eta garrantzitsuagoak dira, demokrazia parte hartzaile bat sustatzeko.
Gogorarazi nahi dugu Euskal Herriko erabakitzeko eskubidearen aldeko elkarlana eta kultura parte hartzailea sustatzeko elkartea dela Gure Esku. Izaera horrekin bat eginda, herri oso bat murgildu zen 2017ko herri galdeketaren prestaketan, eta herritarren %30etik gorako parte hartzea lortu zen bozketan. Bai bakarka eta bai talde bezala –dantzari, abeslari, bertsolari, trikitilari eta abar– musutruk lan egin zuen jende askoren partaidetzari esker aurrera ateratako herri ekimena izan zen 2017ko herri galdeketa, herri oso baten lorpena.
Horregatik, espero dugu orduan bezala orain ere bidegabekeria honen aurrean eta garai zail hauetan Azkoitiko herriak erantzungo duela, eta dei egiten diegu herritar guztiei eta bereziki Gure Eskuren ekimenarekin bat egiten duten herritarrei. Pandemiagatik zozketa eta antzekoen bidez dirua lortzeko modurik ez dagoenez, ahal duten neurriko diru ekarpen xume bat egiteko eskatu nahi diegu, itzuli beharreko dirua itzuli eta gure bideari tinko eutsi ahal izateko.
- Kontu zenbakia: Laboral Kutxa ES67 3035 0031 74 0310060648
- Bizum: 625 44 43 94
- Ekarpena egiteko azken eguna: 2021eko urtarrilaren 31a.
Zuen borondatea bihotz bihotzez eskertuz eta berriro ere elkar lanean ikusiko garen itxaropenez agurtzen zaituztegu".