Urola Erdiko Kontseilu Sozialista sortu da

Urola Erdiko Kontseilu Sozialista 2021ko urt. 3a, 14:05

Idatzi honen bidez, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak bere burua desegin duela jakinarazten du, garaiko beharrizanei aurre egiteko gaitasuna izango duen antolakuntza forma garatuago bati bere lekua uzteko: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista.

Burgesiak abiatutako oldarraldi bortitzaren aurrean, badira etorkizun beltza urratzen duten argi izpi batzuk. Munduko txoko ezberdinetan agertzen ari diren espresio iraultzaile berriak, zein Euskal Herrian sustrai sakonak hedatzen ari den mugimendu sozialista gaztea, esperantza iturriak zaizkigu.

Gure bailaran bertan, aipatzekoak dira, besteak beste, ikasleen eskubideen defentsan, autoritarismoaren eta kontrol sozialaren aurka eta beste hainbat arlotan lan egiteko sortu den IKAS ikasle autodefentsa sarea; gazte problematikan esku hartzeko sortu den Gazte Koordinadora Sozialista; emakume langileen ahots eta lanabesa den ITAIA antolakundearen sorrera; desjabetuen espazioen defentsa saretzeko jaio den Erraki (Langile kontrolpeko espazioen sarea); eta gazte asanblada ezberdinak gaztetxeetan egiten ari diren lan eskerga. Ezin ahaztu Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak, hasieran Azpeitian eta ondoren eskualdean, mugimendu sozialistak izan duen loraldian jokatutako papera. Bi urteotan, aurretik aipatutako tresna ezberdinen sorrera eta garapenean lagundu eta mugimenduari ekarpen teoriko garrantzitsuak egin dizkio. Horrez gain, salaketa kanpaina eta mobilizazio ezberdinak burutu eta iniziatiba propioak atera ditu aurrera. Horren adibide dira, esaterako, eskualdeko sektore kolpatuekin elkarlanean sortu dituen baliabideak; jantoki soziala lehenik, eta orain martxan den Oinarrizko Produktuen eta Elikagaien Bankua gero, ondoren etorriko diren proiektu ezberdinen aurrekaria ezarri duena.

Ekarpena ez da eskualde mailara mugatu, ordea. Gazte batzuen etxebizitza problematikari erantzun eta proiektu sozialistak garatzeko azpiegitura izango zen Esklabetako ezker hegala birjabetu da; epe motzean, ordura arteko funtzioak galdu gabe, Euskal Herriko mugimendu sozialistaren aterpe bilakatu dena. Horren ispilu izan zen, esaterako, Gazte Sozialiston Topagunea. Bi urteko ibilbide oparoa izanagatik, idatzi honen bidez, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak bere burua desegin duela jakinarazten du, garaiko beharrizanei aurre egiteko gaitasuna izango duen antolakuntza forma garatuago bati bere lekua uzteko: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista. Izan ere, langileriaren independentzia politikoa eta autoantolaketaren bidez lanean jarraitzeak 2020ak utzi digun panorama basatian mugimendu sozialista elikatzeko bide berriak hartzeko beharra azaleratzen du. Jada gure kaleetan ditugun pobrezia eta askatasun ezak erantzunak behar ditu; hala nola, testuinguru honetan garrantzia berezia duen askatasun sozial eta politikoen defentsa artikulatzea, egungo gizartean duintasunez bizitzeko oinarrizkoak diren baldintzak (ura, janaria, argindarra, arropa, etxebizitza…) guztiontzat eskuratzeko borrokak artikulatzea, soldatapeko lanean jasaten ditugun etengabeko xantaia eta gehiegikerien aurrean borrokarako tresna eraginkorrak antolatzea, eta kultura burgesaren kontrakotasunean hedatzen den langile kulturaren garapenerako baldintzak ezartzen hastea, besteak beste.

Erronka zail bezain beharrezko hauek gainditu eta langile boterea gorpuzten joateko, eztabaida, harremana eta elkarlana sustatuko ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, zintzoki eta errespetuz jardun eta zapalduarekin lerratzen den eskualdeko, Euskal Herriko zein nazioarteko eragile eta norbanako guztiekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide