Urte arraro honen amaieran atzera begiratuta denontzat berriak izan diren sentipenak bizi izan ditugula argi dago. Getariako Abesbatzan ere hala izan da. Martxora arte normaltasunez aritu ginen, baina hortik aurrera gainontzeko getariarrak bezalaxe, gure martxa erabat aldrebestuta: ez emanaldirik, ez festetako kontzerturik, ez entsegurik...
Eta normaltasun berria deiturikoa iritsi zenean, ahal izan dugun moduan hartu diogu guk ere neurria. Segurtasun baldintzak eta distantziak zainduz, eta musukoa jarrita, elizkizunetan parte hartzen hasi gara berriz ere. Kopurua murriztuta bada ere, kantatzen hasiak gara. Ezin dugu elkartu entseguak egiteko, baina hori ere itzuliko denaren itxaropenik badaukagu.
Egoera zail honetan, Getariako Udalak eta Getariako Kofradiak gure dirulaguntza mantendu izana biziki eskertu nahi dugu; aurrera begirako inbertsioa izango dela ziur gaude.
Eta aurrera begira ilusioa ez dugu galdu. 2021a aurrekoa baino hobea izatea opa diegu getariar guztiei, eta gureari dagokionez, berriz ere normaltasunez kantatu ahal izatea. Gogorik ez dugu falta. Pandemia honen tarterik gogorrean, etxean sartuta geundenean, argi geratu da musika eta kantatzea bizipozerako bidea direla, animoa goratzeko. Balkoira atera eta ingurukoekin kantatzea izan da birusaren maldarik gogorrenean pertsona askok hartu duten ihesbidea. Segi dezagula hurrengo urtean ere kantari!