Gutuna: Zarauzko alkatearen adierazpenen harira

Putzuzulo Amets Fabrika 2020ko aza. 12a, 15:29

Ondoko oharra argitaratu dute Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko kideek, gaztetxearen etorkizunaren eta Xabier Txurruka alkateak aurreko astean egindako adierazpenen inguruan.

(Amaia Urbieta Arruti)

Badira hiru aste Putzuzuloren egoeraren berri eman genuenetik, ohar bidez nahiz batzar informatibo bidez. Hala jakinarazi genuen Putzuzulo urte amaierarako eraitsi nahi zutela Salberdingo lanez arduratzen ari diren promotoreek; hala azaldu genuen urte hauetan guztietan, belaunaldiz belaunaldi, Zarautzen gaztetxe bat izateko egin den lana; eta hala berretsi genuen, kosta ahala kosta, herrian gaztetxe bat ziurtatzeko hautua.

Gaztetxiakin ZE?! kanpaina martxan jarri eta 2019ko udan hasi genituen elkarrizketak alkatearekin, gaztetxearen etorkizunaren inguruan hitz egiteko. Ordurako, berak sinatuta zuen eraikina eraisteko baimena, eta aurrera zihoazen Salberdingo lanak. Ordutik, urte luzeetako borrokari jarraipena emanez, gaztetxea bermatzeko lanean jarraitu dugu; izan Putzuzulon proiektua indartzen, izan etorkizunari begirako urratsak eman nahian. Urtez urte egin dugu borroka gaztetxe bat izan dezagun, eta datozen urteetan ere gaztetxe bat izaten jarraitzen badugu, ez da inola ere alderdi politiko batek edo politikari profesional batek oparitutako irtenbide bati esker: besoz beso hamaika belaunaldik egindako lanak egingo du posible edozein aterabide, bide bati edo besteari helduz. Argi dugu zein izango den gure iparra: gaztetxea bermatzea.

Obra-makinak ere gainean ditugun honetan, badirudi bideratuta egon daitekeela larrialdi egoera honetarako irtenbide bat, eta udaletik eraikin bat erosiko dela, behin-behinean behintzat, gaztetxe modura erabilia izan dadin. Gogorarazi nahi genuke Putzuzulo dela gaur egun gure jardunari eta hamaika proiekturi aterpea ematen dien gunea eta, hortik harago, esku hutsik segitzen dugula berez. Ikusteke dago oraindik udalak aurkeztuko duen lehiaketan zein eraikin erosiko den zehazki, eta gero, zein baldintzatan eta zenbat denborarako egingo litzatekeen balizko lagapen hori. Hortaz, luzea izango da borroka hau.

Bestalde, Xabier Txurrukak prentsaurreko bidez adierazi du "Europako edozein hiri modernoetan ezagutzen ditugun gazteei zuzendutako gune alternatiboak bezalako espazioak bideratzeko beharra ulertzen" duela EAJ-PNVk. Gaztetxe modura interpelatuta sentitu garenez, ezin isilik geratu eta ezin ahaztu urte luze hauetan guztietan EAJ-PNV buru izan duten hainbat eta hainbat herritan jazarri, hustu eta eraitsi diren gaztetxeen zerrenda luzea. Baita gaur egun egoera horretan dauden gaztetxeena ere.

Doakiela beste behin gure babes osoa desalojo arriskuan dauden gaztetxe eta gune okupatu guztiei: Bilboko Etxarri, Tolosako Ezpala, Igorreko KiƱu, Legutioko Desjabetuon Hotela, Errotxapeako Gaztetxea, Donostiako Infernua...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide