Txakurrek egoiliarrek baino eskubide gehiago al dituzte?

Agurtzane Loiola Arizti 2020ko aza. 2a, 09:45

Agurtzane Loiola Arizti zarauztarrak HITZAri helarazitako gutuna da ondokoa. Zarauzko Arrosategi parkeko erabilpenaren inguruan idatzi du, bere bi izebaren "ahotsa eta hitza" ekarrita.

Bi izeba ditut Santa Ana egoitzan, pandemia egoera dela eta, egoitzaren mugetatik atera ezinik oraintxe bertan. Hesiari helduta, Arrosategi parkera begira, galdera hau da egin didatena eta egiten diodana herriari: txakurrek egoiliarrek baino eskubide gehiago al dituzte? Han ikusten dituzte txakurrak euren jabeekin bueltaka eta eurak, begira. Ulertzen dute garai zailak direla, ulertzen dute neurri zorrotzak hartu behar izatea, baina bazterkeria hutsa iruditzen zaie egoitzaren ondo-ondoan izanda Arrosategia, lehentasunik ez izatea egoiliarrek.
 
Itxiturari dagokionez, Arrosategia oso erraz kontrolatzeko lekua da. Parrokia aldera dago soilik irekita. Izebek esaten duten moduan, oso sinplea litzateke konponbidea: alde hori ere ixtea eta sarrera bakarra Santa Anakoa izatea, bertako 88 egoiliarrek arnasgune bat izan dezaten. 
 
"Malekoian udan erabili dituzten hesiak hor jarri besterik ez dute gu babestea baldin bada kontua!". Irtenbidea ere hortxe ikusten dute, eskura.
 
Haiek ikusten dute, badute zer erantzun bizi duten itolarri egoera honetan ere. Zentzuduna da aldarrikapena. Are gehiago konponbidea, borondaterik badago behintzat. Eta epe motzean, luze joko duen kontua da eta. 
 
Dagokionari, dagokiona egin dezan. Ahotsa eta hitza izebena da, idatziz jartzea besterik ez da izan nire lana. Erantzunaren zain daude hesiaz bestaldeko txakurrei begira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide