Asko dago esateko

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2020ko urr. 1a, 10:01

Ezin esan artikulu hau idazten hastea erraza egin zaidanik; izan ere, badirudi elitizatutako espresio bilakatu dela iritzi artikuluen mundua. Komunikabide gehienetako zutabeei begiratu besterik ez dago: orokorrean idazleek, hizkuntza menderatzen duten pertsonek, adituek edota izena duen jendeak betetzen ditu zutabeok. Esango nuke arraroa egiten zaigula "pertsona arruntak" iritzi artikuluak idazten hastea; eginkizun hori langile arruntona ere izango ez bailitzan. Hala ere, guztiz beharrezkoa da espazio hauetan ere gure hitza egotea, gure herrian asko hitz egiten delako lortutako helburuez edo irabazitako apustuez, baina inor gutxik hitz egiten du miseriez. Inor gutxik hitz egiten du lanpostutik bota duten horretaz, gizonak diru-sarrerak ukatzen dizkion emakumeaz, hilabete amaierara heltzea benetan nekeza zaion familiaz edota jatekorik ere ez duen etorkinaz.

Ez dira garai errazak. Langileoi ezegonkortasunak zeharkatzen digu bizitza alderik alde, eta gainean dugun motxila astunera gero eta harri gehiago botatzen dizkigute. Edozein bazterretara begiratuta ikusten dugu hau: lantokietan gero eta kaleratze gehiago eta langabezia gero eta presenteago dugu inguruan. Ikasleak praktika kontratuen bidez dohainik ari dira lanean edota erabiliko ez duten pisu bat ordaintzen ari dira, ez zekitelako klaseak online izango zituztela. Gazteok ziurgabetasun osoan bizi gara, ez etxerik , ez lanik, ez eta horiek lortzeko esperantzarik ere. Emakume langileon egoera kritikoa da: etxeko langileak esklabo lanetan eta indarkeria kasuak etxeko lau pareten artean, kalean erasotzaile eta "puteroak" sozialki onartzen diren bitartean. Instituzioek kontuan hartzen ez dituzten etorkin paperik gabeak, berriz, miseria gorrian.

Horren guztiaren aurrean zaila da ez mugitzea, eta bada antolatzeko hautua egin duenik ere. Bagara hautu hori egin dugunak. Babesgabe gauden garai hauetan, elkartuz baino ezin dezakegu aurrera egin. Hala ere, sumisioaren bidetik irtetean, beti berdina izaten da erantzuna: harriak eta trabak alde guztietan. Ez da bide errazik aldaketak nahi dituenarentzat. Azkenaldian, gure eskualdean badugu zer esana honen inguruan, hemen ere salatu baita polizia indarrak pankartak eta propaganda politikoa kentzen ibili direla. Argi dago ofentsiba baten aurrean aurkitzen garela, baina honi buruz hitz egiten al da? Nork salatzen du gertatzen ari dena? Begiak itxi eta amen.

Horregatik, ezin esan artikulu hau idazten hastea erraza egin zaidanik, baina protesta egiteko baliabideak ere lapurtzen dizkiguten garaiotan, ez al da beharrezkoa gure ahotsa leku ezberdinetan entzutea? Ez al da beharrezkoa errealitateari begiratzea? Iritzia emateak duen zailtasunaz eta arduraz jakitun, langileon egoera okerrera baino ez doan honetan, uste dut gero eta beharrezkoagoa dela hausnarketak, eztabaidak eta planteamenduak elikatzea; funtsean, langile kontzientzia zabaltzea. Eta hau izan da lerro hauek idaztera bultzatu nauena, ez delako erraza esateko zerbait duena isilik mantentzea. Halaber, ni ez naiz nire buruhauste pertsonalez mintzatuko, ezta neure gatazka edo zalantzez ere.

Atahualpak aspaldi eskatu zien poetei ilargira begiratu beharrean meatzariak lanean nola ari diren begiratzeko, miserian borrokan dauden horiei kantatzeko eta, egiari zor, aitortu behar dut ez dudala oso atsegin altuera handietan ibiltzea. Ez dira garai errazak. Krisi garaiak dira. Eta krisiaren seme-alabon motxilak gero eta astunagoak dira. Asko hitz egin dela esango nuke gutaz eta, agian, gutxi entzun gaituzte. Horregatik, errealitateaz, inguratzen gaituen miseriaz eta honen aurreko borrokez hitz egiten saiatuko naiz. Bururen batean edo bestean zerbait mugituko delakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide