Estatu indarkeriak eraildako herritarrak askatasunez eta duintasunez oroitu nahi ditugu

Azpeitiko Sortu 2020ko ira. 30a, 12:33

Azpeitiko Sortuk honako gutun hau kaleratu du, Angel Otaegi zenaren oroimenez joan zen astean Nuarben egindako ekitaldian Guardia Zibilaren presentzia "umiliagarria" jasan behar izan zutelako hara bertaratutakoek. Honako hau da gutuna:

Nuarbeko herrikidea den Angel Otaegi fusilatu zutenetik 45 urte luze igaro dira. Orduan ere, senideek eta lagunek zuten sufrimenduaz eta saminaz gain, Angel lurperatzerakoan desio zuten agurra eragozteko, guardia zibilez josia zen Nuarbe. Orduan ere diogu, 2020an, 45 urte ondoren, senideek, lagunek eta herrikideok Angel fusilatu zuten urteurrenean oroitzeko ekitaldian Guardia Zibilaren presentzia umiliagarria jasan behar izan dugulako. Imajinatu nola sentitu ziren bere senideak.

Gertatutakoaren memoriarako, egia jakiteko eta kontakizunerako eskubidea beharrezkoa dugu herri honetan bake justu eta iraunkorra nahi badugu. Eta zer esanik ez, bakoitzak duen eskubidea, sentitzen eta desio duen bezala, askatasunez eta duintasun osoz, oroitzeko bere hurkoa.

Angel ez da herrikide bakarra hamarkadetan Espainiako Estatuaren terrorismoak torturatu edota erail duena. Hilabete honetan bertan, 84 urte dira, tropa frankistek Azpeitia hartu zutela. Garai hartatik hona, batzuk frankismoaren izenean izan dira erailak, baina badira demokraziaren izenean eraildako herrikideak ere. Batzuk iraganeko gertakizunen memoria lana egiten ari badira ere –gure herrian udalaren nahiz herri-ekimen eta norbanakoen eskutik–, beste batzuek botere mekanismo guztiak martxan dituzte kontakizun bakarra inposatzeko eta bestelako kontakizunak kriminalizatzeko. Zentzu horretan, eta harrigarria badirudi ere, denboran gertuenekoa den eta demokraziaren izenean estatuak balaz josita eraildakoak dira gaur egun egia eta aitortza ukatzen zaienak. Ondorioz, ez justizia, ezta erreparaziorik ere. Eta are okerrago, ezta oroitzeko eskubiderik ere. Imajinatu nola sentitu daitezkeen Kurroren eta Pelitxoren senideak, lagunak eta herrikideak.

Baina Nuarben bizitako poliziaren jazarpenaz gain, azken asteetan izan dira beste gertaera batzuk ere: aske beharko lukeen arren espetxean hil zen Igor Gonzalez preso politikoaren heriotza salatzeko pankartak kentzen aritu zen Ertzaintza, eta Xoxote espainiako militarrek okupatuta aurkitu genuen.

Euskal Herrian, 1936tik aurrera hainbat eta hainbat herrikidek eman dute bizitza bakearen eta askatasunaren alde. Memoriaren kontakizunaren parte da hori. Ez dugu gertakizunarekin zerikusirik ez duen kontakizun zapaltzaile bat nahi, herri honen bakearen eta elkarbizitzaren kalterako dela iruditzen zaigulako. Era berean, ezin digu inork zer pentsatu edota are gutxiago zer sentitu behar dugun inposatu.

Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte eroek; horregatik dago gure esku bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahaztuko. Ez ditugu inoiz ahaztuko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egungo aukera berriak. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea. Ahaztu gabe, merezitako besarkada bana estatuak ezkutatu nahi duen gatazka politikoaren baitan eraildako senide bakoitzari!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide