Analisia: Helburua merezimenduz beteta

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko ira. 21a, 13:30

2010ean jokatu zuen Enbatak azkenekoz TKEn. Alde handiz galdu zuen maila. Kuadrila desegin eta sakabanatu egin zen orduan eta, epe motzean, hondoa jo eta KAE2ra jaitsi zen.

Taldea berregituratu eta urteetako lanaren poderioz, herriko gazteak hazi, hezi eta aukera emanda iritsi zen iaz mailarik gorenera. Sekulako lorpena. Aurtengoa, baina, ez dadila gera gutxiagorako: bide ezberdinetatik izanda ere, bi urteotan argi erakutsi dute hamabi traineru onenen artean lehiatzeko gai direla. Klubak eta herriak badu harro egoteko motiborik.

Trantze gogorra pasatu zuten zarauztarrek larunbatean. Azkenean, justu-justu, bigarren izan ziren haizeak izugarri gogor astintzen zuen itsasoko estropadan. Zorionerako, egindako joaneko luze bikainek izan zuten saria helmugan. Igandean, berriz, Bilboko itsasadarreko saioan, errazago nagusitu ziren arraunean, eta zer esanik ez ziabogatan. Ederki asko gozatuko zuten azken luzean, erreferentziak nabarmen alde zituztela eta, jakinda, datorren urtean, bigarrenez jarraian, TKEn arituko direla.

Bilboko itsasadarrean jokatzeak, honako honetan, ez du bestetan bezainbesteko polemikarik izan. Bermeon erabaki zen erabakitzeko zegoen asko eta asko. Liga bai, behintzat. Bi puntuk bereizten zituzten ostiralean Hondarribia eta Santurtzi, eta erabakiorra zen itsasoko saioa. Buruz buruko norgehiagokan, azken luzean, palak ia joka, pittin bat azkarrago izan ziren bizkaitarrak. Igandean, kalearekin zorterik izan gabe gainera, gauzak oso gaizki egin behar zituen Santurtzik garaikurra ez eskuratzeko.

Oriok ere, azkenean kale: hortxe-hortxe izan du podiumeko hirugarren postua. Bi photofinish erabakigarri izan ditu asteburuan Bermeorekin, eta bietan kalterako suertatu zaie. Urrea balio zuten bi puntu urdinentzat, sailkapenean bat goitik geratzeko. Izan zitekeen aukera ederra Oriorentzat urtea hala moduz ondo bukatzeko, baina ez. Aurtengo denboraldiaren zaporeak gehiago du gazitik gozotik baino. Lehen saioetan emaitza hobeak ematen zituen Salsamendiren traineruak, baina beheranzko joera hartu eta ordutik ospakizunetarako motiborik ez du eman taldeak. Izango dute, orain, astia balorazioak egiteko, eta zerbait aldatzeko, akaso. Funtzionatzen ez duena aldatu egin ohi da, sarri.

(Onintza Lete Arrieta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide