"Azpeitia eta Zestoa bitarteko Lasaoko gasolindegi ondoko auto garbitokian gertatzen dena gure ibaien errealitateetako baten isla garbia da. Hona hemen bideo bat, zertaz ari garen edo, hobeto esanda, zer salatu nahi dugun ulertzen lagunduko dizuna:
Herritar batek abisatuta, Eguzki erakundeko kideok Lasaoko auto garbitokira joan eta Urola ertzean izugarrizko zabor pila zegoela egiaztatu genuen. Bideoaren lehen zatian garbi ikus daitekeen bezala, zabor horiek (autoen alfonbratxoak, pneumatikoak, karrozeria zati txikiak…) zuzen-zuzenean garbitokitik bota dituzte. Hau da, ez dira pilatu zoko horretan urek errekan behera ekarri eta, auskalo zergatik, hortxe utzi dituelako.
Gauzak horrela, Ura agentziarekin harremanetan jarri ginen. Agentziatik erantzun ziguten isurketen ikuskaritza eta kontrola beraien eskumenekoak zirela, baina garbiketa bera udalen kontua zela.
Orduan, Azpeitiko Udalarekin gestio batzuk egin genituen, eta hark hura garbitzeko udal brigada bidali zuen. Ibaitik zabor asko atera zuen brigadak, arestian aipatutako bideoaren bigarren zatian ikus daitekeen bezala.
Baina Urolan Lasaoko garbitoki parean dagoena ez da tarteka udal brigada bidalita konpondu behar den zerbait. Hura legez kanpoko praktika jarraitu baten ondorioa da, eta konponbidea legez kanpoko praktika hori etetetik etorriko da. Zabor 'sobrantea' errekara botatzen duten garbitokiko erabiltzaileak, gaizki, oso gaizki, jakina. Baina instalazioa kudeatzen duen enpresak ere izango du nolabaiteko ardura, ezta? Dena dela, orain Urari dagokio zaintza, puntu hartan hondakinak botatzen jarrai ez dezaten. Urari dagokio enpresa neurriak hartzera behartzea, baita zigorrak ezartzea ere, hala tokatzen bada, behintzat. Izan ere, konponbidea ez da ezer ez egitea eta hemendik urte batera edo pare bat urtera brigada berriz ere bidaltzea. Beraz, Urari esku hartzeko eskatzen diogu, arazoak bere horretan dirauelako.
Egia da Urolako uren egoera kimiko eta biologikoak hobera egin duela azken urteotan (egia esan, orain dela bizpahiru hamarkada bezala jarraitzea besterik ez genuen behar), baina hori bezain egia da Lasaokoa ez dela, ezta hurrik eman ere, kasu puntual bat. Horrelako beste kasu asko baitaude.
Are gehiago, Lasaoko kasua ezagutzen dugu zaborrak begi-bistan daudelako. Baina beste hainbat kasutan zaborrak ez daude begi-bistan, urek ibaian behera arrastatzen dituztelako, itsasorantz. Gero, eskandalizatu egingo gara kostaldea hondakinez beteta ikustean. Bada hondakin horiek lehorrean dute abiapuntu, gure “etxean, nolabait esateko, Lasao bezalako lekuetan.
Errealitate gordin horren aurrean, udalek, Aldundiak eta Urak bitartekoak jarri behar dituzte, azken batean, dirua.
Horretan Azpeitia erreferente bat izan daiteke. 1.050 metro burdin sare ipintzen hasi da Urola ertzeko baranden behealdean, kalean lurrera doan zabor guztia ibaian buka ez dadin, ahal den neurrian, behintzat. Urrian enpresa bat kontratatuko du Ibai Eder modu profesionalean garbitzeko. Izan ere, auzolanean egindako garbiketak oso ondo daude, beren funtzioa dute, batez ere didaktikoa, baina mugak ere badituzte. Nolanahi ere, erakundeek ez lituzkete inolaz ere koartada gisa erabili behar, haiek egin behar duten lana ez egiteko. Eta, Ibai Eder modu profesionalean garbitu ondoren, Udalak jarraipena egingo du, hondakinak nondik datozen jakiteko eta konponbide bat emateko.
Laburbilduz, ibaia hobetzeko, bitartekoak behar dira, dirua inbertitu behar da, Azpeitian egiten ari diren bezala. Hor dago gakoa".