Azpeitiko suhiltzaileei esker onez

Jose Luis Urkizu 'Beltza' 2020ko uzt. 22a, 16:22

Jose Luis Urkizu 'Beltza'-k honako gutun hau bidali du. Joan zen uztailaren 8an Izarraizko harrobian istripua izan zuen azpeitiarrak, eta Azpeitiko suhiltzaileei esker ona adierazi nahi izan die hark.

Joan zen uztailaren 8ko istripuaren osteko irudia. (Jose Luis Urkizu)

Mendian eskalatzen izan dudan ezbehar baten ondorioz egoera gogorra bizitzea egokitu zait, eta han bizitakoak zer pentsatua eman dit. Hona hemen gertatutakoa eta barruak zuekin partekatzea eskatzen didana:

Uztailaren 8an, asteazkena, egun osoan lanean jardun ondoren, laneko arropak erantzi eta mendiko arropak jantzi nituen, Azpeitiko kanteran pare bat orduz eskalatzeko asmoz; nire bizitzako pasioetako bat. Nork esango zidan orduan eguna horrela bukatuko zenik.

Berotu, arratsalde giro ederrean bide batzuk eskalatu eta eguneko azken luzean, zoritxarrez istripu larria izan nuen; erlaitz baten gainera erori nintzen. Zorionez, erorketa hanka gainean egitea lortu nuen, gorputzeko beste atalekin lurra jotzea saihestuz. Behin lurrean, banekien ez nintzela nire kabuz handik irteteko gai izango, banekien hankan lesio larria nuela. Aspaldiko mamuak agertu zitzaizkidan orduan, duela 28 urte, gure anaia kantera hartan bertan zendu baitzen istripu batean. Berriro zorigaiztoko istorio bat bizi behar, eta gainera, eskalatzaile bezala hazi eta hezi garen txokoan, gure kantera kuttunean.

Azpeitiko suhiltzaileei deitu, eta, hamabost-hogei minuturen bueltan, bertan zeuden. Haien laguntzaz handik irten eta ertzainen bi dotazio zein anbulantzia medikalizatua geneuzkan zain Izarraizko langan. Ordu eta erdi pasatxoren bueltan, Zumarragako Ospitaleko larrialdietan nengoen. Han diagnostikoa egin ondoren, ebakuntza egin zidaten. Ea urtea amaitu aurretik nire onenera bueltatzeko gai naizen!

Eta bizitakoa bizita, ez dut aukera galdu nahi erreskatean parte hartu zuten guztiei eskerrak emateko, eta bereziki, Azpeitiko suhiltzaileei, erakutsitako jarreragatik, abileziagatik, abiaduragatik, konpromisoagatik eta profesionaltasunagatik. Mila-mila esker, zuei. Hitz hauen bidez, kalitateko zerbitzu publiko ona edukitzea zeinen garrantzitsua den adierazi nahiko nuke. Horretaz inoiz baino kontzienteagoa egin nau neure azalean bizitakoak.

Mila esker.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide