Kepa Alberdik asteartean publikatu zuen San Jose Egoitzako argi-ilun batzuk idatziari gure atxikimendua ematen diogu aho batez.
Gure sinesgarritasun osoa du langileen egoerari buruz ematen duen azalpenak, ikusi egiten baita oinarrizko jarduerak egiteko bertako pertsonala nola ibiltzen den iritsi ezinik eta presaka: garbitu, jantzi, jana eman… Eta denborarik izan gabe egoiliarren ondoan eseri bakarrik ez daudela sentiarazteko, interesa, goxotasuna eta gertutasuna azalduz; azken finean etxe-giroan biziarazteko.
Alde horretatik izugarrizko hutsunea dago eta badakigu zein den irtenbidea: pertsonalaren ratioak gehitzea eta lan baldintzak hobetzea, behin eta berriz aspalditik langileak eskatzen ari diren bezala. Ez dago zalantzarik krisialdi honek hori guztia baieztatzeko balio izan duela.
Adineko pertsonek ez dute negozioa egiteko tresna izan behar, eta ezin da ezkutatu gaur egun horrela direla. Bestela, nola esplikatu Biharko bezalako enpresa pribatuen interesa ahal dituen egoitza gehienak kudeatzeko? Ez irabaziak ez balituzke lortuko.
Lan baldintzak hobetzeko eta kalitatezko arreta emateko azken ardura Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetan dago Azkoitiko Udalarekin batera, apartamentu tutelatuak honen menpe daudelako eta alkatea bera egoitzako lehendakaria delako. Baina, jabetu behar gara erantzukizuna gurea ere badela, herritar guztiona.
Kokalekuaz gain Azkoitiko egoitzan gauza asko daude hobetzeko eta Kepa Alberdiren hitzak geure egiten ditugu: "Azkoitiarrok, hau guztia modu kolektiboan hausnartu eta egoera aldatzeko urratsak ematen hasi beharra daukagu, izugarria baita esku artean dugun erantzukizuna".
Egoitza Kalera!