Azkoitiko San Jose egoitzako argi-ilun batzuk

Urola Kostako Hitza 2020ko eka. 2a, 10:43

Kepa Alberdik iritzi artikulua bidali dio Urola Kostako Hitzari, San Jose egoitzako langileen inguruan. Alberdiren asmoa da langile horien aldeko "ekarpen xume bat" egitea, "herritarrek langile horien egoera prekarioa ere ezagutu dezaten".

"Badakit azken aste hauetako 20:00etako txaloak, beste batzuen artean, zahar etxeetako langileei esker ona helarazteko izan direla. Jarrera hau bera ere txalogarria eta eskertzekoa bada ere, bide batez, Azkoitiko San Jose egoitzako langileen alde halako ekarpen xume bat egitea nahi nuke, herritarrek langile hauen egoera prekarioa ere ezagutu dezaten, aitortza hau txalo zaparrada hutsera soilik mugatu gabe.

Aukera edukiko bagenu, gehienok, geure etxean zahartzea aukeratuko genuke, geure familia eta maite ditugun pertsonen konpainian. Baina bizi dugun gizarte sistema dela eta, aukeraketa hori gutxi batzuen pribilegio bihurtu da, eta adindu askok zahar egoitzetan edo geriatrikoetan pasatzen dituzte beren azken egunak. San Jose Egoitzako egoiliar askok, mugikortasun arazoak dituzten bezala, beste batzuk dementzia eta asaldura portaera seinaleak dituzte, eta honenbestez, bertako egoiliar askok mendekotasun handia dutenez, eguneroko oinarrizko jarduerak egiteko laguntza behar dute.  Are gehiago, kontuan hartu behar da, hauek ez dutela onera egingo, alderantziz, gero eta atentzio gehiago beharko dute, eta orain justuko atentzioa behar badute ere, bihar gurpil-aulkia edo fardelaren beharra izan dezakete.

Leku hauetan, bere familiaren maitasunaz aparte, tratu duina eta adeitsua jaso behar dute gure aitona-amonek, eta horretarako ezinbestekoa dute bertako langileen aldetik, begirunea, arreta eta maitasun dosi handiak jasotzea. Hori horrela izan dadin, begirada, keinu eta igurtzi goxoz laztantzearekin batera, gertatzen zaienaz interesa ipini, gogoz entzun eta denbora eskaini behar zaie etxean bezala sentitzeko, azken finean, gertutasuna sumatu behar dute, benetan baloratzen direla eta bakarrik ez daudela sentiarazteko.

Egoitzetako egoiliarrek, hurkotasun honekin batera, kalitatezko zaintza profesional bat jaso behar dute, zalantzarik gabe, baina hau horrela izateko gauza asko aldatu behar dira Azkoitiko San Jose Egoitzan, bertako lan baldintza kaxkarrek ez baitute batere laguntzen eta ahalbidetzen lana modu duinean egin eta bidezko zerbitzua eskaintzeko. Fokua arretaren kalitatean jartzen badugu, ezinbestekoa egiten zaigu, erakundeek alde batera utzita duten eta ezinbesteko garrantzia duen egoitzako langileen garrantzia. Azkoitiko egoitzako langileen egoera prekarioak asko du hobetzeko, lanaldi partzialak, lan gainkargak, pertsonal faltak, soldata baxuak eta beste hainbat gabezien artean ekiten baitiote aurre eguneroko lanari. Bertako langile gehienek %30 eta %60ko lan-jarduna dute, eta lanaldi partzialeko kontratuak dituzte, nahiz eta urte luzez bertan lanean aritu. Bestalde, bertako zerbitzuari dagokionez, gosaria, bazkaria eta afaria lasaitasunez ematea, fardelak garaiz aldatzea, arropak pazientziaz janztea, gorputza behar den denborarekin garbitzea eta abar luze bat dira bere denbora bat eskatzen dutenak, kalitatezko zerbitzu bat bermatu eta adineko pertsonen eskubideak eta beharrak ondo asetzeko, baina hori ezinezkoa da zaindarien eta zaindu beharreko egoiliarren artean dagoen proportzioa ikusita. Ez da bidezkoa, egoitzan “Adinduen astea” ospatzen denean, edo udaletik bisitan etortzen diren egunetan pertsonal gehiago ipintzea, eta gero, urte osoan zehar, lana behar den baldintza onetan egiteko, pertsonal falta izatea. Esan daiteke, bertako zaindariak, produkzio kate arrunt baten moduan aritzen direla lanean, eta baldintza horietan ezinezkoa da bertako egoiliarrei oinarrizkoak dituzten zuzeneko arreta eta zaintza eskaintzea. Izan ere, ezarritako ratioak ez datoz bat inondik ere errealitatearekin, eta horren ondorioz, normala da, kasu askotan, egoiliarren familiarrak ere haserre egotea.

Gai hau bideratzeko urrats sendoak eman behar dira, beste eginbide batzuen artean, egoitzako langileei lanaldi osoko lanpostuak eta kontratu mugagabeekin batera soldata duinak ere bultzatuz. Egungo ratioak ere, hau da, zentroan egon behar lukeen langile eta erabiltzaileen arteko proportzioa, erabat salagarriak dira, egoiliar bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora oso murritza baita. Bestalde, langileen baldintzak hobetzearekin batera, egoiliar guztien kalitatezko arreta integrala bermatu behar da, eta horretarako, ezinbestekoa da zerbitzu honen kudeaketa publikoa, zuzenekoa eta kontrolatua garatzea.

Agintean ditugun politikariak, ordea, ez datoz bat zerbitzu publikoak indartzeko ideiarekin, alderantziz, oinarrizko zerbitzu guztiak pixkanaka pribatizatzen ari dira, beraien poltsikoen mesedetan. Horren ondoren, gure aitona-amonen bizi kalitatea bermatu, zahartze aktiboa sustatu eta beharrezkoak diren zerbitzuak eskaini behar zituen egoitza publikoa, enpresa pribatu baten kudeaketapean utzia dute gure erakundeek, eta noski, enpresa pribatu honek, guztiaren gainetik, diru etekina bilatzen du. Horrenbestez, administrazioaren konplizitatearekin, gure herrian ezinbestekoa den zerbitzua, mozkin eta emaitza onak lehenesten dituen enpresa baten negozio hutsa bilakatzen ari da, egoitzako zaintza kalitatearen kaltetan. Guzti honen arduradun nagusia Foru Aldundia da, zerbitzua eta finantziazioa publikoak izan arren, egoitza sektorea kontrolik gabeko esku pribatuetan utzia duelako. Modu berean, Azkoitiko udalak ere badu bere ardura zati handia, herriko egoitzan bertako herritarrak baitaude, bai egoiliar moduan zein zaintzaile moduan, eta hauen kexen berri izan arren ez baitu parte hartzen bertako egoeraren benetako konponketan.

Egun Azkoitiko San Jose Egoitza kudeatzen duen enpresa Biharko Gipuzkoa S.L. da, eta honi Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Kabia izeneko erakunde autonomoak esleitu zion kudeaketa horren kontratua. Hau horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak du San Jose Egoitzak duen kudeaketaren azken erantzukizuna, eta ezin esan bertako jarduera, instituzio honek zabaltzen duen propagandarekin bat datorrenik. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak saldu nahi duen gizarte ereduaren irudia honakoa da: lurralde aurreratua, garai berrietara egokitua, modernoa, pertsona helburu duena, … eta horretarako “Adinberri”, “Orain Gipuzkoa”, “Pertsona helburu” eta beste hainbat goiburu ponpoxoz dotoretutako ekimenak aurkezten dizkigu, guztiak “Plan estrategikoak” moduan aurkeztuz. Baina hau horrela, nola uler daiteke egitasmo hauek halako bozgorailuaz hedatzea eta bitartean, politika  etsigarri batez, Gipuzkoako egoitzak hain egoera tamalgarrian bizirauten ikustea? Behingoz uler ezazue, hemen hain entzutetsua egiten zaigun “Plan estrategiko” garrantzitsuenetakoa hirugarren adineko zaintzara bideratu behar dela, Gipuzkoan gero eta adineko jende gehiago izango baita. Politika soziala hain ozen aldarrikatzen duzuenez, eta zuen esanetan pertsona helburu duzuenez, hor duzue benetako  erronka.

Esaerak batek dio, gizartearen zibilizazio maila, adineko pertsonei ematen zaien tratuaren arabera neurtzen dela. Hemeretzigarren mende hasieran, zahartzaroa, oraindik ere dignitate bat zen, baina azken hamarkadetan gauzak asko aldatu dira, eta horrekin batera, gure lehentasun eta ikuskerak nahiz gure hausnartzeko eta jarduteko erak. Gaur egun, non egongo ginateke gu neurketa horretan? Oso atzean, egungo sistemak guztiari gizatasun kutsua kendu eta balore ekonomiko hutsa eman baitio.

Hasierara bueltatuz, dirudienez orain kolpetik jabetu gara, txaloak tarteko, egoitzetako langileak oinarrizkoak eta behar-beharrezkoak ditugula… ba jakin dezagun aurretik ere lehen lerroko langileak zirela, eta hor zeudela egundoko lana egiten, baina oraintxe bezala oso baldintza prekarioetan. Bizi dugun krisi egoera hau ere hobetuko da, eta orduan inor gogoratuko al da egoitzatako lanei garrantzi eta duintasun gehiago emateaz, eta bertako langileei lan-baldintza eta soldata duinak bermatzeaz? Egoitzatako lana, orain bezala, gero ere behar beharrezkoa izango da, eta herritar guztiok gure bizitzako azken urteetan merezi dugun zaintza duina jaso ahal izatea defendatzen badugu, hau posible egiten duten langileak zaindu eta beraien aldarrikapen justuekin bat egitea tokatzen zaigu.

Laburbilduz, bai Foru Aldundia zein Azkoitiko udala, modu penagarri eta onartezinean kontrolatzen ari dira Azkoitiko San Jose zaharren egoitza kudeatzen duen Kabia enpresa, hauen ardura izanik bertako ikuskatze lana. Horren ondorioz, egoitzako langileen lan-baldintzak, eta bertako egoiliarren bizi kalitateak asko dute hobetzeko. Azkenik, ezin aipatzeke utzi, San Jose zentroa Santa Kutz gainean kokatuta dagoela, eta horrenbestez, bertako egoiliarrak herri guneetatik isolatuta daudela eta oztopo handiak dituztela beste herrikideekin harreman egokian integratuta bizitzeko. Azkoitiarrok, hau guztia modu kolektiboan hausnartu eta egoera hau aldatzeko urratsak ematen hasi beharra daukagu, izugarria baita esku artean dugun erantzukizuna".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide