Azkarateko hondakin guneari buruzko gatazka honetan, Azkoitiko gremioen izenekoen eskaeren aurrean, Azkarate Garbi plataformak publiko egin nahi du bere jarrera. Izan ere, gremioak bezalaxe, kontuan hartuak izatea nahiko genuke gainerako azkoitiar guztiok ere: langileak, baserritarrak, jubilatuak…
“Egon al daiteke norbait birziklapenaren kontra?” galdetzen dute gremioen izenean dabiltzanek. Galdera hori soberan dago eta maltzurra da. Egon al daiteke norbait bakearen aurka? galdetzea bezala da. Denok dakigu birziklapena guztion nahia dela, baina gaur egun ez da bermatzen benetako birziklapenik. Eta ez da egia zabortegitik eta kutsaduratik aldendu denik gaia gremioen izenekoek dioten bezala, parte bat zabortegi izango litzatekeelako eta kutsaduraren arazoak ere hor jarraitzen duelako: airea, ura eta lurra kutsatuko lirateke eta zarata handia izango litzateke. Horregatik esaten diogu ezetz. Ez da ezer bermatzen, egun indarrean dagoen legediarekin kontrol-gabezia nagusitzen delako, Zaldibarkoak modu gordinean erakutsi duen bezala.
Eta orain, Azkaratekoari buelta nola eman aztertzen ari garela, bat-batean, bigarren hondakin gune baten proiektua aipatzen dute gremioen izenekoek, “Excavaciones Lagunak”-ek Ipintzan egin nahi duena. Honek garbi uzten du, hondakinen kudeaketa negozio bihurtuta dagoela eta gune horien jabeek aterako lituzketen irabaziek dutela lehentasuna. Ez da egia horrelako guneen beharrik dagoenik Gipuzkoan eta balego ere, ez litzateke bidezkoa izango Azkoitian egitea, herri honek bere partea jarri zuelako Oñederrekin, eta oraindik ere kutsadura eta urteroko kostu ekonomikoa sufritzen ari garelako. Oñederren beste herrietako hondakin asko hartu zuen Azkoitiak, beraz orain zuzena izango litzateke Azkoitikoak beste herriren batera eramatea.
Izan ere, badirudi arazoa ez dela nora eramanik ez dagoela, ikusten denez eraikuntzako hondakinak jasotzeko nahiko gune badago Euskadin, eta jakitera eman denez, oso-oso gertu daukagu bat. Gremioen izenean ari direnak, leku horietara egin beharreko joan-etorriengatik kexatzen dira, baina Azkoitian, denok egin behar izaten ditugu joan-etorri asko, izan lantokira izan ospitalera, errepide oso txarretan gainera, horrek suposatzen duen gastu erantsia geure gain hartuz. Kexu dira ordaindu behar dituzten autonomo kuota eta gainerako gastuei, hondakinak garraiatzearena erantsi behar dietelako. Baina hori herritar ororen arazoa da, soldatapeko edo pentsiodun guztioi kentzen dizkigute gure irabazietatik zergak, gizarte segurantza, langabezia eta gainerako kuotak.
Etxeetan berrikuntzak egiterakoan sortzen diren hondakinen kudeaketak, argi dago gastu bat suposatzen duela, eta gastu hori aurrekontuan sartu eta kudeaketa zuzen bat egin beste irtenbiderik ez dago. Arazo hau, Gipuzkoako herri gehienen arazoa izango da noski, eta ez dugu uste herri bakoitzak bere hondakin guneak egitea denik irtenbidea eta are gutxiago Azkaratekoa bezalako makro instalakuntzak egitea. Guk ere aztertu baitugu Azkoitiko etxeen berrikuntzak urtean sortuko lukeen hondakin kopurua, eta Azkoitia bezalako hamar herri beharko lirateke gutxienez, Azkarateko guneari jaten emateko. Beraz, zalantzarik ez dago Azkaratekoa ez dagoela herriari begira bakarrik pentsatuta, baizik eta kanpotik hondakinak ekartzeko pentsatuta. Eta lehen esan bezala, Azkoitian lehen ere kanpokoen hondakin asko hartutakoak garenez, orain Azkoitiari kanpora eramatea dagokio.
Argi dago, beraz, ez dagoela funtsezko arrazoirik ez Azkaraten eta ez Azkoitiko beste inongo lekuetan horrelako gunerik egiteko, hondakin gune horien jabe pribatuek aterako lituzketen etekinengatik ez baldin bada. Espero dugu Javier Zubizarreta alkateak beteko duela bere hitza, denon adostasunik gabe ez dela egingo alegia, eta Udal Gobernua osatzen duten gainerako taldeek ere, zuhurtziaz jokatuko dutela eta Azkoitiko herritar guztien interesak babestuko dituztela gutxiengo baten presioari aurre eginez.