Mundu osoko hezkuntza sistema guztietan irakasten da historia. Horren helburua urteetan zehar hartu diren erabakiekin eta bizitako gertaerekin egungo egoerara nola iritsi garen irakastea da, baita egindako akatsetatik ikastea ere.
Esaerak dioen bezala, ordea, gizakia omen da harri berarekin behin eta berriz estropozu egiten duen animalia bakarra, eta badirudi horrela dela gure herriaren kasuan ere.
Azkoitiko herriaren historian badugu dagoeneko hondakinekin markatutako zauri beltza. Edo dagoeneko ahaztu al gara OƱederrez? Oraindik ere zentzu guztietan ari gara ordaintzen han gertatutakoa. Oroitzen ez direnek edo horren berri ez dutenek, Azkoitiko herriaren historiako puntu horri begirada bota beharko liokete.
Denboran urrundu gabe, hortxe dugu Zaldibarren gertatu dena ere. Bi gorpuk lurpean jarraitzen duten bitartean, ingurunea eta bertan bizi garenak pozoitzen ari gara. Ez al da nahikoa han gertatu berri dena ezagutzea, hondakinen kudeaketa sistema mota horrek dituen arriskuak ikusteko?
Ez al dira guzti horiek nahikoa arrazoi Azkaraten egin nahi den hondakinen gune hori bertan behera uzteko? Zer interes dago guzti horren atzean udalak oraindik ere proiektu hori atzera ez botatzeko?
Mesedez, ikas dezagun bizitako eta egindako akats guzti horietatik. Esan dezagun ozen ez dugula berriro horrelakorik bizi nahi, ez dugula potentzialki kutsakorra den aktibitaterik herrian nahi eta are gutxiago esku pribatuetan. Defenda dezagun gure etorkizuna. Horren ardura dutenek, herriaren interesak defendatu behar dituzten horiek hain zuzen, ez badute memoriarik edo tartean beste interes batzuk badituzte, gogora diezaiegun biharko lapiko-jotzean herriak zer nahi duen!