COVID-19a dela eta, Azpeitiko Udala hartzen ari den neurri batzuen inguruko harridura agertu nahi du EAJren udal taldeak. Batez ere, oposizioko kide bezala, eta beraz, udalaren parte garen heinean, erabakiak hartzeko garaian ez gaituztelako ezertarako kontuan hartu, nahiz eta gure burua eskaini dugun eta edozertan laguntzeko prest agertu garen. Ezohiko egoera batean, udalaren neurri guztiak tokiko prentsaren bidez jakitea ez zaigu normala iruditzen. Baina formak alde batetara utzita, gatozen edukira, konkretuki gaur azoka irekita mantentzearen inguruko erabakira.
Ez dugu ulertzen alarma egoeran egonda eta kalera ez ateratzeko jasotzen ari garen gomendio eta debeku guztiak jakinda nola den posible azoka irekita mantentzeko erabakia hartzea. Gure ustez, lehentasunezko produktuak saltzen dituzten dendak eta supermerkatuak irekita izateak ahalbidetzen du baserritarrek azokara eramaten dituzten produktuak erostea; beraz, ez dago inongo beharrik azoka irekita mantentzeko. Inguruko herri guztietan azokak ez irekitzeko erabakia hartu da Ertzaintzaren aholkuei kasu eginez, baita baserritarrentzat erreferentzia den Ordiziako azokan ere. Horrenbestez, ez dugu ulertzen Azpeitiak zergatik izan behar duen ezberdina.
Kontua oso serioa da, eta herritarrak etxeetatik ez ateratzeko neurriak hartu badira, nahiz eta segurtasun neurriak hartu, beharrezkoak ez diren sozializazio guneak ez irekitzea proposatzen dugu.
Amaitzeko, herritarrak txalotu nahi ditugu. Eta arduraz jokatzen eta etxean gelditzen jarraitzeko deia egin nahi dugu, osasun arduradunen gomendioak jarraituz. Denon artean aurre egingo diogu guztiz ezohiko egoera honi!
EAJren udal taldearen izenean, animo denoi. Ahal dugu!