Pasa dira jada hamar bat urte Azpeitiko zenbait organo-jotzaile gaztek herriko parrokiako organoaz arduratzeko konpromisoa hartu genuenetik. Hamarkada bat, amezuatarren familiak eraikitako organoari zein inguruetako beste zenbaiti hautsak kentzen. Ideia gure maisu eta irakasle izan den Jose Luis Frantzesena Schuberti otu zitzaion, eskoletan lantzen genituen piezak eta abar plazaratzeko zein jendaurrean jotzen ohitzeko aukera paregabea izango litzatekeela argudiatuta. Urte guzti hauetan, pertsona ugari izan ditugu ondoan, bidelagun. Gaur gauean, ordea, gure artean kide nabarmena izan den Pako Epelde omendu nahi dugu, bere bizitzan zehar erakutsitako borondate ordainezinak merezi baitu nolabaiteko errekonozimendu publikoa.
Parrokiako tripak inork ez bezala ezagutzen dituen pertsona da Pako. Aitak, urte luzez bertako sakristau izanak, parrokiarekiko lotura eta maitasuna helarazi zizkion atarian jolasean ibili ohi zen haur hari. Ordudanik, ugariak izan dira Pakok gauzatutako funtzioak eta betebeharrak. Elizkizun zein ospakizun guztien nondik norako musikalak bere eskuetatik pasatu izan dira, eta beti eduki izan dugu organistok gure aldamenean, edozein zalantza, kezka edota arazo argitzeko eta konpontzeko. Karpeta eskuan, arkatza behatzetan; Pako, bere saltsan. Turismo alorrean ere, bere ekarpena beti izan da aberatsa herriarentzat. Bakardadearen kaperan, Antxieta etxean edota Alberga atzeko garbitokian makina bat buelta emandakoa da, gurera hurbiltzen diren bisitariei gune horien xehetasun eta bitxikeriak azalduz.
Fokua bere gainean jarri zalea ez dela jakinik, jende ugariren lana hartu du kontuan egunotan gure gaurko omenduak. Egia da bai, musutruk lanean diharduten pertsonen kopurua handia eta aberatsa dela, eta honako lerro hauen bidez, horiei eskertu nahi nieke egiten duten lana eta eskaintzen duten esfortzua eta kariñoa. Denok duzue laguntzea dohain. Goza dezagun, bada, lagunartean egingo dugun afari ederraz. Pako Epelderen bueltan ibili garenok eskainiko diogun omenaldiak balio beza orain arte bizitako momentuak gogorarazteko. Zorionak, Pako!