Gerturik daukagu odola

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko abe. 5a, 09:41

Joan den asteko egun batean gertatu zitzaidan, iraultzaren aldeko lagun batzuek jarritako hitzordu batera joan beharrean, karitatea praktikatzeko hitzordu batean bukatu nuela: anbulatorioan odola ematen, hain zuzen ere, bizian aurreneko aldiz. Iraultzaile batzuen esplikazioak aditzen egon beharrean, egin nuena izan zen, beraz, ez jarrera xoxialdemokrata txepel bat ere, baizik-eta jarduera bete-betean krixtaudemokrata txintxo batean bukatu. Uste dut orain iraultzaileek holako zerbait egiteari «asistentzialismoa» deitzen diotela, aditzera eman nahirik bezala bihotz oneko hutsa izatea ez dela egokia edo baliozkoa, asuntoa buru on batzuek gidatutako prozesu historiko batean behar bezala kokatua ez baldin badago. Egia da karitatea edo asistentzialismoa edo dena delakoa maiz erabili izan dutela boteretsuek eta beren txotxongilo apolitikoek boterearen buru-bihotz beltzak zuritzeko; hori ere egia da: bihotz oneko nazkagarri jatorrez betea dago mundua.

Baina odola norbaitek eman behar du. Txerriaren odolarekin egin omen zituzten saioak, baina ez balio nonbait guretzat. Txerri-giltzurrunarekin bat baino gehiago dabiltza munduan, baina txerri-odolak ez du inor bizitzara ekarri. Pixkaterako balio omen dute itsasoko urak eta koko-urak ere, baina pixkaterako bakarrik, eta orduan norbaitek odola eman behar du, eta horretarako bi gauza behar dira: odol ona eta emateko gogoa. Lagun batek esan zidan bera odola ematen hasi zela istripu baten ondoren odola galdu eta besteren zainetako odolaren premia izan zuenetik; beste batek esan dit ezagutzen dituela bakarren batzuk odol-premia berbera gertatu baina sekula odolik emateko gogorik egin ez zaienak. (Ez naiz ari neure burua bihotz oneko gizaki eskuzabal moduan jartzen, ez hurrik eman ere. Nik orain artean pentsatu izan dut "beste batzuek egin beharrekoa" zela odol-emate hori, eta aitortu beharra daukat gainera odola ematen hasi naizela gehienbat esan didatelako odola
atera eta berritzea oso ona dela osasunerako).

Odol-ematean ez dago glamourrik; ez dago heroismorik; ez dago guaitasunik; ez dago dirurik; ez dago ezer. Dagoen bakarra da elkartekoek "zorionak" ematen dizkizutela hara joateagatik. Pare bat aldiz aditu nuen "zorionak", eta beharbada horrexegatik dira zorion horiek: ezeren irabazirik ez dagoen toki batera joaten "ausartu" egin behar delako.

Gaur biguntasunetik (epelkeriatik?) hitzegiteko nago, eta hari horri segitu behar diot. Inoiz esana nago "justizia iraultzaileak" (bereziki bere adar exekutatzailean) justizia normala baino, herriarentzat txar-txarra den justizia normal hori baino are txarragoa izaten badakiela noizbehinka, eta orobat esan dezakegu odolaren kudeaketa iraultzaileak badakiela odolaren kudeaketa normala baino txarragoa izaten.

Odol-emate iraultzailea "odol guztia" ematea da (edo zen, hemen, oraintsu arte): odola eta bizia ematea kausa baten alde. Odol-kentze iraultzailea ere odol guztia kentzea da (edo zen: orain estatua bakarrik gelditu da txarkeria exekutatzailearen jabe bakar): odola eta bizia kentzea. Odola (guztia) eta bizia emate hori gezurra da, zeren odol hori alferrik galtzen baita eta bizia, berriz, ez da ematen, zeren hilotz bat (norberarena) baita "bizia ematerakoan" egiaz ematen den gauza bakarra. Odola (guztia) eta bizia kentzea bai, hori egia da, egia min-mina. Odolaren kudeaketa exekutibo-exekutatzaile honen aldean, kudeaketa normalak odolaren kendu-emana neurri bigun pakeoxo batean errenditzen du: aldi bakoitzean, 450 mililitrokoa da odolaren kendu-emana. Azken batean, eta aurren batean ere bai, badirudi kopuru moduan ikus daitekeela bi kendu-emanen arteko aldea: era exekutzailean 5 bat litro eta era pakeoxoan 450 ml.

Honek txiste baten tankera hartu du, jabetzen naiz. Umore gorri-beltza edo. Gero, bestalde, esango zait kontu hauek (exekuzio iraultzaileak eta abarrak) ez dagoela hola tratatzerik eta beren kontestu historikoa behar dutela ulertuak izateko, eta neri iruditzen zait gauza ona dela kontu horiek beren kontestuan ikustea, baina orobat iruditzen zait ona dela hori berori kontesturik gabe eta bere horretan ikustea tarteka, ona den bezala kamamila beti eztiarekin hartu beharrean tarteka hutsik hartzea, gauza berez zer-nolakoa den sentitzeko.

Norbaitek eman (eta kendu) behar du odola. Komeni da odol hori pixkat bakarrik izatea; gehienez litro-erdia.

Noizbait gauza ontxo bat egin behar zuen pertsona on-ona ez den honek. Eusko gudariak ez gara eta, hala ere, gerturik daukagu odola.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide