Iraganeko garaiak ziruditen

Txomin Larrañaga 2019ko aza. 27a, 13:24

Joan zen igandean emanaldi bikaina eskaini ziguten herriko Azketa abesbatzak eta Easo abesbatzak Sanagustin kulturgunean. Iraganeko garaiak ziruditen. San Inazio jaietan ohikoak izaten ziren Easo abesbatzaren emanaldi jendetsuak. Azken urteetan, ordea, azpeitiarrok Gipuzkoako beste herri batzuetara joan behar izaten dugu Orfeoiaz, nazioarteko abesbatzez edota Easoren emanaldiez gozatzeko. Egoera beraren aurrean aurkitzen gara Tolosako Abesbatzen Lehiaketara etortzen diren abesbatzek Gipuzkoako herrietan eskaintzen dituzten kontzertuekin.

Gure herrian betidanik izan dugu euskal kantak abesteko zaletasun handia; ikusi besterik ez dago jaietan zenbat jende ateratzen den kalejiran edo zenbat bazkari nahiz afari oste laguntzen dituzten kantu saioek. Egun Azpeitian Soreasu eta Sanagustin izeneko bi gune edo antzoki zoragarri ditugu. Azken hori igandekoa bezalako kontzertuak antolatzeko toki paregabea da bereizgarri dituen kupulagatik, akustikagatik eta kokalekuagatik. Easo abesbatzak eta Orfeoiak urte gehiegi igaro dituzte Azpeitian abestu gabe. Igandeko emanaldian hartu genuen gozatuaren ondoren, ea herrian antolatzen diren musika ekitaldi ugariren artean halako kontzertuei leku gehiago egitera animatzen garen.

Eskerrik asko, igandeko emanaldiaren antolatzaileei, udalari nahiz Easo eta Azketa abesbatzei, igandean eskaini zeniguten kanta emanaldi zoragarriagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide