Udaletik jakinarazi digute Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako ordezkariekin egin zuten bileran San Jose egoitzaren gaia hizpide izan dutela, eta Egoitza Kalerako kideok begi onez ikusten dugu diputazioko ordezkariek gurekin egon nahi izatea uda ondoren.
Komunikatuak dio diputaziokoek jarrera irekia eta prestutasuna azaldu dituztela, baina berriro ere lelo berarekin azaldu zaizkigu: "Toki aldatzea ez dela bideragarria epe labur eta ertainean". Hori kontutan hartuta, San Jose egoitzan egin daitezkeen inbertsio posibleak, apartamentu tutelatuen balorazioa, garraio zerbitzu pertsonalizatua martxan jartzea eta abar aipatu dituzte.
Behin eta berriz errepikatuko dugu neurri horiek hartzea petatxoak jartzea besterik ez dela. Izan ere, egoiliarrek ezin dute garraioaren menpe egon herrian integratutako bizi kalitate duin bat izateko! Oztopo handia da adineko pertsonentzat, eta bestalde, herriari gastua sortzen dio.
Egoitza Kaleraren firma bilketaren helburua eta herritar askoren nahia beti izan da adinekoek edo dependentziaren bat duten pertsona horiek herriko bizitzan integratuta egotea. Hortik doa orain ere gure eskaera: epe motzera lortzeko modurik ez izan arren, gutxienez bide hori jorratzen hastea oraintxe bertan.
Gogoa eta nahia erakutsiz gero, gauza asko lortzen omen dira, eta hori da gure agintariei eskatzen dieguna. Egoitzei buruz Eusko Jaurlaritzak onartutako azken dekretuak zera dio: "Adinekoen egoitzak isolatutako lekuetan ez dira egongo, eta herri erdigune eta zerbitzu komunitarioekin behar bezala komunikatuta egongo dira".