Idatzi honen bidez, Zestoako San Juan Fundazioaren izenean, UROLA KOSTAKO HITZA egunkarian apirilaren 3an argitaraturiko informazioren zehaztapenak egitera goaz.
Bertan, Zestoako Udalak 2019. urterako onartu berri dituen aurrekontuen inguruko hainbat datu ematen dira. Gastuen alorrean 'San Juan Egoitzaren Hitzarmena' kontzeptuarekin 400.392 euro agertzen dira, bestelako argibiderik eman gabe eta gainontzeko gastuekin alderatuz: kiroldegia berritzea, hondakinak, Arroabeko eskola berriko urbanizazio lanak, Ur Kontsorzioa…
Datuak modu honetan emanda gaizki ulertuak egon daitezke. Zestoako San Juan Fundazioak Zestoako Udalarekin indarrean duen Hitzarmena Eguneko Zentroaren eta Etxebizitza Babestuen kudeaketari dagokio. Hitzarmen honek finantziazio iturri sendoak ditu: zerbitzuen kostua erabiltzaileen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean estaltzen da, ordainketa partekatuz. San Juan Fundazioak prezio publikoetan lan eginaz bere gain hartzen du Eguneko Zentroaren eta Etxebizitza Babestuen kudeaketa bere osotasunean.
Informazioaren berri izan orduko eskatu genion Zestoako Alkate Joxe Mendizabali gauzak argitzeko, berak emandako informazioa ez zitzaigula egokia iruditzen argudiatuz. Hitzakoak ere guzti honetaz jakitun egin genituen.
Aste bete pasa eta inongo erantzun eta argibiderik ez dela izan ikustean, prentsa ohar hau argitaratzera behartuak ikusi gara.
Joseba Illarramendi Rezabal, San Juan Fundazioko zuzendaria