Egoitza Kalera mugimenduari Javier Zubizarreta alkateak prentsaren bidez bere mezua zuzendu dio, esanez: "Bat nator Egoitza Kalera mugimenduaren aldarrikapenarekin" [...] "epe motzera eta ertainera egoitza tokiz aldatzea pentsaezina bada ere, zerbitzuak hobetzen eta joan-etorriak errazten joan behar da. Hori da gure esku dagoena, tokiz aldatzea, ez" [...] "hitz egin dezagun".
Mezua aztertu ondoren azkenengo esaldi honekin gelditzen gara: "Hitz egin dezagun". Kontziente gara gauza hauek ezin direla egun batetik bestera egin, baina baita ere helburu bat lortzeko lehenengo nahi izan eta ondoren pausoak ematen hasi behar izaten dela, egoera ondo aztertu, ahalmenak eta baldintzak ondo arrazoitu (etikoa eta morala izango litzateke hau), bidean sortzen diren oztopoak gainditzeko indarrak eta aukera guztiak bildu eta martxan jarri, aurrean dugun arazoari irtenbide egoki eta on bat eman ahal izateko.
"Ezin da", eta kitto? Horrek ez digu balio.
Hauetatik zer ez da udalaren konpetentzia?
San Jose egoitza Azkoitiako herriak egin zuen herritarren partaidetzarekin. Ordutik gauzak asko aldatu dira, eta baita beharrak ere. Joan-etorri asko egitea tokatu zaigu gure familiagatik eta badakigu zertaz ari garen.
Kontziente izan gaitezen zahartzaro duin bat izatea nahi dugula, gure bizitzako azken etapa, ikusten dugunaren eta dakigunaren beldurrik gabe bizitzeko leku egoki batean.
Gure helburua egoitza herrian integratzea da eta horretarako jarraituko dugu sinadurak biltzen martxoaren bukaerara arte. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu.
Ez dakigu alkateak bere izen propioan edo udalaren izenean hitz egin duen, baina berak dion bezala, Egoitza Kalearen nahiarekin ados baldin badago, zergatik ez elkarren indarrak batu, batzuk beren boterearekin eta herritarrak bere beharra eta nahiarekin?
Denon artean Egoitza Kalera lorpen bat izan dadin Azkoitiko herriarentzat.