Kafeta

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko mar. 21a, 10:06

Munduak buelta asko ematen ditu, eta denak alde batera, baina gure munduak edo biziak ez, zorionez; ez beti alde jakinekora. Adibidez: zeinek esan behar zidan neri Egañanien gustura sentituko nintzela, eta gero-eta gusturago gainera? (Oharra erbestekoentzat: leku hori da herriko gozotegi ofiziala; herri askok daukate berea).

Esan beharrik ez dago leku horrek atzerakada izugarria eman izan digula oraintsu arte, eta arrazoia da… atsofobia! Bai, jaun-andreak: asuntoa mila bider buruan pasa eta iruditzen zait misoginia orokortuaren atal aluena dela atsofobia, eta fobia horrek eduki gaituela gozotegi edo tegi gozoetatik urruti. Neri gertatu zaidana da konturatzea atsozalea naizela, atxo xaharren zalea oso, eta armairutik atera naizela. Baina bereizi beharra dago: 70 urtera bitartekoak edo ingurukoak ez ditut oso gogoko (eta ez ahoko zulotik erdara ez-gozoa darielako bakarrik, ez horixe!; hor neu ere banaiz pixkat misoginoa), baina bai 80 urte ingurukoak eta hortik aurrerakoak: haiekin (ez-sexualki) maitemindua bezala sentitzen naiz. Agure asko ere maitagarriak dira, baina askoz gutxiago: gizonezkoak oso tonto-harroak gara izatez eta, zahartzearekin, harrokeriak galdu eta erdi-tontotuak eta gixaixotuak gelditu ohi gara, eta atxo-jende hori, berriz, zahartzera egiten da erdi-sorgin edo sorgin-eta-erdi bihurtu, eta hori askozaz ere gustagarriagoa egiten zait.

Gizonezkoen egonlekua taberna da. Zurruta, gixonkeria, zarata. Hitzegiteko modu oilartu moztaileak balio du han. ("Ixillik eonai, motell, lerdokeik esan be!": hori da tonu orokorra gehiegitan.) Atsoentzat gozo-tegia bezala, guretzat takar-tegia zegoen zain. Hor egin behar izan genuen gixontze-bidea, kostata egin ere. (Eta karrera bat, norgehiagoka bat isurkarien eta sudurkarien kontsumoan.) Zoragarria zen mundu hori, eta zoragarria da, baina balio ezkero eta beti ondo egon ezkero fisiko-emozionalki. Gizontasun edo maskulinitate standard baten neurrira egindako mundu bat zen hori guretzat; gogortasun baten antzezlekua funtsean, eta lehortasun batena ere bai. Barru-barrutik inbiria ematen ziguten neskek "kafetxo bat hartzeko" gelditzen zirenean, ahizpatasun eder batean, giro lasai eta goxo batean elkarren gorabeherak adituaz. Oso gerora hasi ginen gu horretan, atxokeriaz edo marigixonkeriaz akusatuak izateari beldurra galdu genionean, hain zuzen.

Desgizontzen ari gara. Premia ere bageneukan. Herriko gozotegian tegi gozo bat da bilatzen duguna. Eta desgizontzen ez ezik, desguaitzen ere ari gara, zeren nekez ikusiko baita herriko guai bat Egañanien. Baina, ondo begiratu ezkero, ez dago zertan desguaiturik (lasai, motellak!), zeren beti pentsa dezakegu "maskulinitate ofiziala deseraikitzen" ari garela, eta hori oso ondo gelditzen da. Eta beti pentsa dezakegu kafeta bat egiten ari garela funtsean, eta nola holakorik ez dagoen hemen, gozotegian egitea beste erremedioik ez daukagula. Ez dakienarentzat: kafeta bat da, toki okupatu edo autogestionatuetan, hirietakoetan bederen (nik Bartzelonan ezagutu nituen aurrenekoz), hitzordu jakin bat, zurrutarik eta zaratarik (eta gixonkeriarik) gabea, non giro lasai batean gai jakin bati buruz hitzegingo dela iragartzen den, nahi duenak azaltzea libre. Bidenabar esanda, eta adibide bat jartze aldera, ezin dut pentsatu ere egin hemen hauetan (oraintxe BCNko InfoUsurpan irakurtzen ari naizen kasu bat da: https://usurpa.squat.net/usurpa.pdf: "butlletí setmanal de contr@informació") jaiero 20:00tan hasi eta 24:00 arte kafeta bat egin litekeenik kartzelaz, polimaitasunaz edo beste zernahiri buruz gozo jarduteko. Esan dezakegu, beraz, zain gaudela noiz sortuko diren gure inguruan gune edo hitzordu aldi berean lasai-gozo eta aldi berean iraultzaile-eraldatzaileak, eta bitartean, besterik ezean eta tarteka, herriko gozotegian gaudela batzuk elkarren gorabeherak aditzen… eta nexkaxarkerian ere bai: zeba ez ba?

Hortxe, bai: feminitate zaharrak eta maskulinitate berriak elkar hartzen duten lekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide